euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

USACek, AEBetako euskaldunek sorturiko nazioarteko ikasle truke programak, 25 urte egin ditu Donostian

2008/01/21

USACeko ikasleak Bilboko Nerbioi ibaian egin zuten txangoan
USACeko ikasleak Bilboko Nerbioi ibaian egin zuten txangoan

PUBLIZITATEA

AEBetako euskal komunitateek euren sustraiekin harremana gordetzeko nahitik sortu zen University Studies Abroad Consortium (USAC) programa, seme-alabei ikasketak Euskal Herrian osatzeko aukera emanez. Esperientzia 1982an hasi zen, Donostian, eta harrez gero izan duen arrakastak 25 herrialdeetan 39 programa berri irekitzera eraman ditu USACeko arduradunak. 25 urte pasexe hauetan asko eta asko izan dira Donostia edo Bilbotik igaro eta Euskal Herria eta kultura barrutik ezagutzeko aukera izan duten gazteak, batzuk gainera euskal-amerikarrak. 'Esperientzia honen ostean Euskal Herriaren enbaxadore bikainak dira', azaldu dio EuskalKultura.com-i Patricia O'Connor, Donostiako USACeko zuzendariak.
Bulegoa Renon duen Carmelo Urza programaren hastapenetik izan da USACeko zuzendaria. 'AEBetako mendebaldeko euskal komunitateak Euskal Herriarekin kontaktuan egon nahi zuten eta euren 'bateria' kultural, linguistiko, senitartekoak... kargatzeko bidea nahi zuten', azaltzen du. 'Nevadako Center for Basque Studies, Boise Estatuko Unibertsitateak, Idahoko Unibertsitateak eta Fresnoko Californiako Unibertsitateak ahalegina unibertsitatea mailan egitea babestu zuten eta 1982an bi lehenek bat egin zuten University Studies in the Basque Country Consortium sortzeko. Gero ideia munduko beste herrialde batzutara zabaldu zen eta USAC izena hartu zuen'.

Patricia O'Connor izan zen lehen promozioari Donostian ongi etorria egin ziona, 1982an. 'Gehienak Nevada, Kalifornia and Idahotik zetozen. Horietariko asko euskal jatorridunak ziren eta sustraiak bilatzera zetozen, beste batzuk ez. Oso integratuta egon ziren eta euskal dantza eta sukaldaritza klaseak ere hartu zituzten. Oraindik ere beraiekin akordatu egiten gara sarri, eta promozio hartatik ezkontzaren bat edo beste ere atera zen', gogoratzen du.

[USAC-eko lehenengo promozioa Donostian 1983an]

Hizkuntzan murgiltzeko aukera

Programak arrakasta asko izan du urte hauetan eta beste herrialde batzuetara zabaldu dute. Euskal Herriari dagokionez ikasketak Donostian edo Bilbon egin daitezke, eta ondoan, Pauen. 'AEBetako unibertsitateetan derrigor atzerriko hizkuntza bat ikasi behar dute ikasleek eta hemen murgilketa sakonagoa egin dezakete. Denbora laburragoan egiten dute eta kreditu berak eskuratzen dituzte, nik uste dut hori dela gure arrakastaren arrazoietako bat', azaltzen du Patricia O'Connor-ek. Ahaztu gabe, noski, herrialde eta kultura berri batean bizitzeak dakarren esperientzia.

'Atzerrira bidaiatzeak beste kulturetara irekiarazten ditu eta beste ikuspuntu batekin bueltatzen dira etxera. Hemen atzerritarrak izan ostean etxean atzerritarrak hobeto ulertzen dituzte', aipatzen du O'Connorrek. 'Hona heltzerakoan batzuk ez dakite ezer Euskal Herriari buruz eta beste batzuk berriz dena dakite, hegazkinetik jaitsi eta Benito Lertxundiren diskoak non eros zitezkeen galdetu zuen ikasle japoniar harek bezala. Beste ikasle japoniar bat ere izan genuen japoniera eta euskara baino hitzegiten ez zituena', gogoratzen du zuzendariak.

[Ikasleak euskal sukaldaritza klasean, jakinmin gehien sortzen duen ikasgaietako bat]

[...eta gastronomia klase praktikoa sagardotegi batean. Irudiko neska, Olivia Bidaurreta da, San Franciscoko euskal kaliforniarra]

Euskal ikasleekin elkarbizitza

Ikastaroek euskal kulturaren arlo desberdinak ezagutzeko aukera ematen diete USACeko ikasleei. Aurten, adibidez, euskal dantza ikastaroa antolatu dute berriz ere, eta EHUko ikasleek ere izena eman dute bertan. 'Bertako ikasleak ezagutu eta lagun egiteko aukera perfektoa da', O'Connorren esanetan. 'USAC marka' duen beste klase bat Elvis-etik rap-eraino izena duen XX mendeko kultura herrikoiari buruzko ikastaroa da. Bertan USACeko 12 ikasle eta EHUko 18 daude.

[Euskal dantza ikastaroan USACeko zein EHUko ikasleak batera aritzen dira]

'Atzerriko eta bertako ikasleek gai bakoitzaren inguruan ikuspuntu oso desberdinak ematen dituzte eta oso aberasgarria da', azaltzen du O'Connorrek. 'Amerikarrek adibide, ezer gutxi dakite Che-ri buruz, edo daukaten informazioa erratua da. Euskaldun gehienek aldiz, ez dute Rosa Parks ezagutzen [autobusaren atzeko partean eseri nahi ez eta AEBtan beltzen eskubide zibilen aldeko borroka piztu zuen emakumea]'.

[Ikasle taldea Santiago Bidea egiten]

Euskal Herriko enbaxadore

Ikasle hauetako askok bertako ikasleekin mintzalagunaren antzeko trukea ere egiten dute: astean zehar gelditu eta zati bat ingelesez egin eta beste euskaraz edo gaztelaniaz. Hogeitabost urte hauetan esperientzia honetatik adiskidetasun handiak sortu dira. 'Aurtengo Gabonetan adibidez, duela 10 urte hemen egon zen bikote bat etorri zen bisitan. Ezkontzea erabaki dute eta hemen egin nahi dute, elkar ezagutu zuten lekuan, irailean. Dena antolatzen ari dira eta bitartean lagunak, etxean hartu zituzten familiak eta mintzalagunak ere bisitatu dituzte', aipatzen du O'Connorrek.

'Nik uste dut hemendik pasa diren ikasleen % 99.9a Euskal Herriarekin txundituta joan dela', adierazten du Donostiako USACeko zuzendariak. 'Euskal Herriaren enbaxadore oso onak izaten dira, atzerrian berri txarrengatik ezagutzen baita gehienbat Euskal Herria eta beraiek oso ondo hitzegiten baitute hemen ezagutu dutenari buruz'.


Lotura interesgarriak

USAC Donostian
Donostiako programaren informazioa

USAC Bilbao
Bilboko programa

Lorea Barturen, AEBetako euskalduna, USACeko ikasle Donostian (erd.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko maiatzaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia