Uruguaitik zetozen 12.000 bat botila 'nafar patxaran' faltsu, nafar marka ezagun baten izenpean eta Nafar Patxaranaren Kontseilu Arautzailea baimenik gabe aipatuz atzeman ditu poliziak Santurtziko portuan. Botilak Montevideoko enpresa baten izenean zetozen eta merkatuan 108.000 bat euroko prezioa hartuko zuten.
Santurtzi, Bizkaia. Gobernu espainiarrak Euskadin duen Ordezkaritzak plazaratu duenez, kargamentua atzematea Guardia Zibilak gauzatu zuen, talde horrek eta Bilboko Aduanaren Arrisku Azterketa Unitateak elkarrekin eginiko operazio baten baitan, portuan sartzen diren merkantzien gaineko segimendu bat egin ondoren.
Hego Ameriketatik heltzen diren merkantzien segimenduak bidea eman zuen kontenedore bat detektatzeko Santurtziko portuan, barruan aipatu botila kantitatearekin, etiketetan marka nafar ezagun baten eta Nafar Patxaranaren Kontseilu Arautzailearen aipua eginez, hori guztia Espainiako estatuan eskubidedun diren instantzien baimenik lortu gabe.
Produktua garraiatzeko erabilitako kontainerra Montevideon (Uruguai) egoitza duen enpresa baten bidalia zen, Espainian helbidea duen enpresa batentzat. Atzemandakoak 108.000 bat euroko prezioa hartuko zuen legez kanpoko merkatuan.