euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uruguain, Floridako euskaldunak bozkarioz dira Picassoren Guernica herriko 'Muralen ibilbide'ko parte ikustearekin

2015/05/07

Florida hirian egiten ari diren Bakearen Aldeko murala ‘Gernika’ koadroaren neurri hauetako Uruguaiko erreprodukzio bakarra izango da
Florida hirian egiten ari diren Bakearen Aldeko murala ‘Gernika’ koadroaren neurri hauetako Uruguaiko erreprodukzio bakarra izango da

PUBLIZITATEA

Floridako Garapen eta Turismo Zuzendaritza Orokorrak bultzaturik, Euskal Herriari keinu eginez pentsatutako murala hiriaren hego sarreran kokatu dute, “totalitarismoen gehiegikeriez hausnartzeko eta bizitza eta bakearen aldeko borroka aldarrikatzeko toki bihurtu nahian”. Margolana egiteko ardura herriko Ricardo Romero artistari egotzi zaio eta inaugurazioa datozen egunetan, amaitu bezain laster, egiteko asmoa daukate, adierazi dio EuskalKultura.com-i Jose Andres Arocena jatorri goizuetarreko bertako diputatu nazionalak.

Florida, Uruguai. Uruguai hegoaldean kokaturik, Montevideotik 100 bat kilometrora, izen bereko departamentuko hiriburua da Florida. Bertan, eta Turismo arloan proposamen berri bat eskaini ahal izateko, hainbat mural margotzea sustatzen ari da Udala. Muraletako azkena Pablo Picassoren Guernica izan da eta ekimenaren bultzatzaileek azaldu duten legez, erabaki honen atzetik Bakearen aldeko aldarria egitea egon da Uruguaiko Independentzia 1825. urtean aldarrikatu zen Floridan, Euskal Herria ere gogoan, euskal jatorriko biztanle asko dauden –eskualdeko herrietan, biztanleriaren %25k du euskal jatorria– herri eta eskualde honetan.

Bertan jaioa den Jose Andres Arocena Uruguaiko Legebiltzarreko diputatuak gure buletin honi azaldu dionez, “Picassoren obra famatua Floridako Udala osatzen ari den Muralen Pasealekuko azkeneko horma-irudia da eta ‘Bakearen Murala’ izena eramango du”.

Floridako Guernica Uruguain dagoen bere motako bakarra. Martxoan ekin zion lanari Jorge Romerok artista floridatarrak eta lan handiko hilabete pasatxo eta gero, datorren astean-edo bukatuko duela iragarri dute hiriko egunkariek, inaugurazioa, beraz, maiatzeko bigarren hamabostaldian egiteko. Aipagarria da, gainera, ekimen honen segimendua egiteko talde bat sortu dela Floridan, tartean euskal jatorrizko lagun talde bat, Floridako Espainiako Elkartea eta Udala bera, Guernica Muralaren Omenaldi Batzordea izenpean.

Floridako Guernicak jatorrizkoaren tamaina bera dauka eta proiektuaren egileek argitzen dutenez, “asmoa da hausnarketarako geldialdi bat egitea; gizakien balio, bizitza eta bakeari buruz gogoeta egiteko. Bide batez, bakearen aldeko lan honekin omenaldi bat egiten diogu Euskal Herriari; eta turismo arloan, beste proposamen bat eskaintzen ahal diegu Floridara iristen diren bisitariei”.

Euskal jatorrizko ‘gautxo orientalak’

Jose Andres Arocenarekin egin ditugun hitzetan, diputatu nazionalak proiektu honek herritarrentzat daukan garrantzia azpimarrartu du, “Floridan euskal jatorriko lagun ugari gaudelako. Kasu batzuetan urteak daramatzagu Uruguain kokatuta; beste batzuetan, berriz, lehenengo edo bigarren belaunaldiak dira. Baina guztiok gogo bera daukagu eta horrek elkarren arteko gauzak antolatzera animatzen gaitu”.

Familia euskal-uruguaitar batean jaiotako Arocena bigarren aldiz hautatu dute diputatu 2014ko hauteskundeetan, Alderdi  Nazionaletik. “Uruguaiko Alderdi Nazionala Manuel Oribe euskaldunak sortu zuen 1836an; gaur egun, bagara 32 diputatu eta horien artean gutxienez12k euskal jatorriko abizenen bat daukagu gure bi lehenengo abizenetan”, jakinarazi digu.   

Arocena izana da bere familiaren sorterrian. Uruguai eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutze aldera, Euskal Herria bisitatu eta Nafarroako Goizuetan dagoen bere familiaren etxea ezagutu zuen diputatuak 2013an. Bidaia berean, Eusko Biltzarraren lehendakari Bakartxo Tejeria Oterminekin elkartu zen Gasteizen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia