euskal diaspora eta kultura
2012/12/12
PUBLIZITATEA
San Jose, Uruguai. 2009an sortu zen egungo San Joseko Euskaldunak Taldea, eta 2010eko abenduan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak euskal etxe ofizial bezala. Tarte labur honetan ekimen ugari abiatu ditu elkarteak, horien artean euskara, euskal kultura eta dantza ikastaroak. Berrien zabalkuntzan ere lan esanguratsua egiten du euskal etxeak, eta larunbatero herriko irrati batean egiten duen irratsaioaz gain, bi hilabetero barne buletina bidaltzen die bazkideei. Azken alean urritik hona egindako ekimenak jasotzen dira, horien artean Rosarioko Euskal Argentinar Astera eta Montevideoko Eusko Indarra dantza taldearen 30. urteurren festara eginiko bidaiak.
Horrez gain, buletinak Sergio Posada genealogia adituak Jose Mendiagueri buruz urriaren 5ean eman zuen hitzaldiaren berri ere badakar. Arrokiaga herri xiberotarrean Mendiagueri buruzko pastorala prestatzen ari zirela-eta informazio eske idatzi zioten Posadasi, eta horren haritik Alduden jaio eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen poetaren bizitzari buruz ikertzen hasi zen. "Jose Mendiague hiri honetako bizilagun oso ezaguna izan zen XIX. mendeko bigarren erdialdera, eta bere sendiak ere arrasto sakona utzi zuen gure gizartean", dio buletineko artikuluak.
Urrian bertan beste hitzaldi interesgarri bat izan zen San Josen, "La invasión pacífica de los vascos del siglo XIX. Por qué vinieron a Uruguay" izenburuarekin. Hizlari, Hernán Sorhuet kazetari euskal-uruguaitarra, genealogian aditua eta Montevideoko Euskal Erria elkarteko kidea. Amaitzeko, aipatu, San Joseko euskara, euskal kultura eta dantza ikastaroak iragan abenduan amaitu zirela aurtengoz, baina datorren urteko ikastaroetarako izena emateko epea abenduan zehar irekita izango dela. Ikastaroak martxoan berrabiatuko dira.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus