euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uruguaiko Saltoko Euskaldunen Taldea EEak Harriague Upeltegia berreskuratzeko proiektua aurkeztu dio bertako Udalari

2016/02/03

Harriague Upeltegiaren berreskuratzeko proiektuaren aurkezpena (argazkia Saltoko Udala)
Harriague Upeltegiaren berreskuratzeko proiektuaren aurkezpena (argazkia Saltoko Udala)

PUBLIZITATEA

Hiru babesle izango lituzke proiektuak: Euskal Herriko Unibertsitateko GPAC-Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldea; Saltoko Udala; eta, kudeatzaile nagusi, Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxea. EHUko Ander De la Fuente Arana arkitektoak izan zuen ekimena aurkezteko ardura, Uruguaiko Ondare Kulturalaren Batzordeko ordezkari den Magela Terzano lagun. Euskal Etxeko lagunek gonbidaturik, EuskalKultura.com presente izan zen bai aurkezpenean bai ekintzari lotuta burutu ziren hainbat aktibitatetan.

Salto, Uruguai. Hazparnen jaiotako Pascual Harriagueren Upeltegia berreskuratzeko ametsa ez da batere berria Saltoko herritarrentzat. Arrazoiak ugari dira eta beste batzuen artean bi hauek aipa ditzakegu: euskal jatorrizko ardogile honek izen handiko upeltegia eraiki zuren eta Tannat motatako mahatsondoa Uruguaiko ikur bihurtu zuen. Hala ere, eta nahiz eta zenbait urtetan erakunde ugariren asmoa izan, aste honetan aurkeztu zaio lehen aldiz proiektu bat hiriko gobernuari.

Proiektua Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeko lagunen eskutik dator, duela urtebete UPV-EHUko UNESCO Katedrako Ander De la Fuente Arana adituarekin hasitako elkarrizketei esker. UNESCOko Kultur Paisaiak eta Ondare Katedraren helburua da Ondarea modu osatu batean lantzea; hau da, ondarearekin berarekin lan egitea baina baita ingurumenarekin ere.

De la Fuente Aranak azaldu legez, “Harriague Upeltegia berreskuratzeko proposamena izugarri interesgarria iruditu zaigu, garai bateko ardogintzarekin lotuta dagoelako baina bide batez baita ere Uruguai ibaian zehar egiten zituzten salerosketekin eta hain berezia den Tannat mahatsarekin ere harremana duelako. Momentu honetan esan dezakegu proiektuak Eusko Jaurlaritzako Asier Vallejo Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren onespena duela eta asmoa da epe labur batean upeltegiaren berreskuratze osoa ez, baina denbora gutxian erakusgarri izan daitekeen plan bat egin ahal izatea. Proiektu txiki bat abiapuntu hartuta, denborarekin gehiago garatu ahal izango da”.  

Aipatzekoa da 1910. urtean funtzionatzeari utzi zion Upeltegiaren lur eremu eta aztarnak, gaur egun Udalaren esku daudela eta urteekin zabortegi bihurtu direla. Hori dela eta proiektua aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izango da garbitze lanekin hastea. Ander De la Fuente Aranak aurkeztutako proiektuaren berri zehatzago EuskalKultura.com-eko biharko edizioan argitaratuko dugu Upeltegiaren historiarekin batera.

Bi eguneko ibilbidea

Proiektuaren aurkezpena Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeko lagunek prestatutako bi eguneko programa batean kokatu da. Otsailaren 1ean, goiz goizean hasi ziren aktibitateak, bileretako partaide zirela De la Fuente eta Magela Terzano adituak, Euskal Etxeko lagunak eta Saltoko Ondare Historikoaren Batzordeko kideak. Ondoren prentsaurrekoa egin zen Cordoba Jauregiko Prentsa aretoan eta ondotik Harriague Upeltegia bisitatu zuten adituek, aipatutako erakundeetako zein Udaleko jendeak lagunduta. Euskal Etxean bazkaldu eta gero, city tourra egin zuen taldeak eta arratsaldean Bertolini Broglio Upeltegia bisitatu.

Atzo asteartea, berriz, Pascual Harriagueren etxea, (‘Casa Verde’ eta ‘Casa Vasca’ direlako etxeak barne) eta Juan Harriagueren etxea ezagutu eta Andres Lima Saltoko alkatearekin bildu ziren arkitektoak. Programarekin bukatzeko, beste prentsaurreko bat eskaini zuen De la Fuentek, oraingo honetan eskualdeko ardogileei begira eta dastaketa, bertako upeltegietako ardo guztiak ezagutarazte aldera.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia