HABEk kudeatzen duen Euskara Munduan programaren egoitza izan da berriro ere Uruguai. Bertan bildu dira Argentina, Brasil, Txile eta Uruguai bertako ikasleak 'Euskara Munduan' programaren 2015eko Udako Barnetegian partaide. Elkarretaratze honekin, eta Argentinan Euskaraz programaren 25. urteurrenaren baitan, jarduerez betetako urte bati ekin diote Hego Amerikako euskara ikasle-irakasle eta euskaltzaleek.
Salto, Uruguai. FEVA eta Saltoko Euskaldunen Taldea euskal etxea antolatzaile, 2013-2016 epeko Euskara Munduan programaren bosgarren barnetegia egin da urtarrilaren 17tik 24ra, estreinekoz gainera Salto hirian. Trebatzen ari diren irakasleei ongietorria emateko, FIVUko lehendakari Enrique Poittevin ez ezik, FEVAko kargu beradun Hugo Andiazabal ere bertaratu zen Saltora. Federazioetako agintariez gain, hiriko euskal etxeko Adela Soto Zudaire lehendakariak eta Luis Zaldua lehendakariordeak eta baita euskara ikasleek ere hartu zuten parte barnetegiko ikasle-irakasleei egindako harreran.
HABEko teknikari eta programaren arduraduna den Kinku Zinkunegik oso balantze baikorra egin dio EuskalKultura.com-i ekitaldiaz: “Beste ezer baino lehen azpimarratu nahi dut egokitasuna; hiriaren egokitasuna azpiegiturari eta alojamenduari dagokienez, euskal etxeak izan duen erantzuna… Kontuan izan behar dugu Saltokoa ez dela euskal etxe handietakoa eta aurretik inoiz ez zuela honelako ezer antolatu… emaitza, behar dugu esan, biribila izan da. Euskal etxeko jendea guretzat egon da, beti laguntzen eta gainera, eskola ordu guztiak errespetatu dituzte, baina ordutegi horretatik kanpo izan ditugun tarteetan, zer asmatu ezinik ibili dira gu gustura egon gintezen, herria eta ingurua ezagut genezan eta hori eskertzekoa da oso”.
“Behar da esan, bestalde, hutsuneak izan ditugula barnetegian eta ikasle batzuk, prozesu guztietan normala denez, ezin izan dutela jarraitu maila lortu ez dutelako edo asistentziagatik; badaude baita ere kontu pertsonalengatik Saltora etortzerik izan ez baina ikastaroan segitzen dutenak. Ikastaroaren erdian pasatu dugun honetan esango nuke taldea egonkortu egin dela; eta maila kontuetan aldeak badaude ere, denek talde berean jarraitu ahal izango dutelakoan nago, eta hori ere arrakastatzat joko nuke. Jendearen ikasteko jarrera oso ona ikusi dut, eta irakasleak, Sabrina (Otegui) eta Dani (Oiarbide) ere oso ondo; ‘beteranoak’ dira eta kontrolatzen dute barnetegietako dinamika eta ikasleak ere ondo ezagutzen dituzte”.
Zinkunegik azpimarratzen du "2015ean 25 urte beteko dir(el)a Argentinan Euskaraz programa abian jarri zenetik, Macachinen", eta horren harira "nahikoa eratua daukagu urte osoan zehar egingo dugun ekintzen kronograma", diosku. "Urtean zehar Argentinan egiten diren euskal hitzordu garrantzitsu guztietan egongo da ‘Argentinan Euskaraz 25’ ekimena. Esaterako, Euskadiko Ordezkaritzak euskararen inguruko erakusketa bat koordinatuko du; Laurak Bat-ek antolatzen duen ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian ere egongo da; Buenos Airesko Liburu Azokan normalean Juan de Garay Fundazioa egoten bada, hor ere egongo da. Eta zer esanik ez urte osoan euskal etxeetako taldeetan… parte hartze guztiz aktiboa izango dute ikasleek… Aspaldian egiten zen ikasle helduen topaketa errekuperatu nahi dugu; ume topaketa egingo da; uztailean euskalduntze hurrengo barnetegia eta irakasleen trebakuntza egingo dira. Eta hori guztia bi momentu garrantzitsuri begira: batetik, Euskal Asteari so –aurtengo Euskal Astea Macachinen izango da, duela 25 urte Argentinan Euskaraz jaio zen hirian–, eta han ekintza mordoa egingo ditugu, eta bestea, Euskararen Egunari begira. Asmoa da erakusketak, hitzaldiak eta festa bat egitea Buenos Airesen”.
Hurrengo barnetegiari dagokionez, FEVAk jakinarazi du uztailaren 18tik 25era izango dela datorren euskalduntze ikastaroa eta, segidan, 25 eta 26an,aurreko promozioetako irakasle aktiboen topaketa, lekua baieztatzeke.