euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jose Mujica presidentearekin bilduko da bihar Uruguain Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza

2012/07/09

Jose Mujica, Uruguaiko presidentea
Jose Mujica, Uruguaiko presidentea

PUBLIZITATEA

Martin Garitano diputatu nagusia buru, gaur hasiko da Montevideon Gipuzkoako Foru Aldundiak Uruguaien egingo duen hiru eguneko merkataritza misioa. Bidaiaren helburua Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainentzat negozio aukeraketa kontaktu berriak sustatzea da. Uruguai Hegoamerikako herrialde oparoenetako bat da eta euskal komunitate handia bizi da bertan. Izan ere egun bertako agintari gorenetako asko dira euskal jatorridunak, tartean Jose Mujica presidentea bera. Bihar bilduko da euskal ordezkaritza Mujicarekin.

Montevideo, Uruguai. Gipuzkoako Foru Aldundiak Uruguaira bidali duen ordezkaritzak gaur ekingo dio hiru eguneko egitarau trinkoari, hogei bat gipuzkoar enpresentzako bertako merkatuak zabaltzeko ahaleginean. Martin Garitano buru delarik, ordezkaritza zenbait uruguaitar erakunde eta enpresekin bilduko da hasteko gaurko egunean zehar. Enpresa, unibertsitate eta erakunde horien artean dira, adibidez,  Uruguay XXI, inbertsioak sustatzeko erakundea, eta AFE, estatuko trenbideen enpresa. Eguneko azken hitzordua Industria Ministerioan egingo den bilera da.

Bihar euskal ordezkaritzari harrera egingo dio Uruguaiko presidenteak, Jose Mujicak. Euskal sustraiak ditu Mujicak: bere arbasoak XIX. mendean heldu ziren Uruguaira eta La Plara ibaiaren kostaldean kokatu ziren. Bileraren ostean gipuzkoar agintariek eta enpresen ordezkariek topaketa egingo dute ANCAP Uruguaiko hidrocarburoen enpresa publikoko arduradunekin, eta jarraian Uruguaiko Parke Teknologikoa bisitatuko dute. Eguneko agenda Kanpo Harremanetarako Ministerioan egingo den harrerarekin bukatuko da.

Asteazkenean, bidaiaren azken egunean, enpresetako ordezkariek bilerak egiteko eta kontaktuak sakontzeko aukera izango dute. Bidaia Uruguaiko euskal komunitatearekin bilduz bukatuko dute gipuzkoarrek. Ez da ahaztu behar Uruguai, proportzionalki, munduan euskal jatorria duen biztanle gehien duen herrialdea izango dela seguruenik eta bertan sortu zela 1876an garai modernoko munduko euskal etxe zaharrena gisa kontsideratua den euskal elkartea. Hiriburu uruguaitarrak hiru euskal etxe dauzka gaur egun, Euskaro, Euskal Erria eta Haize Hegoa, eta horietarik bigarren zaharrena, Euskal Erria, bere 100 urteak ari da ospatzen aurten. Orotara hamarretik gora dira Uruguai osoan dauden euskal etxeak, eta azken urteotan suspertzen ari da bertako herrietan euskal sustraienganako interesa, euskal etxe berrien sorrera eraginez.

Herrialdeko euskal komunitatearekin egingo den elkarretaratzera FIVUko (Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioa) ordezkariak joango dira, elkarteko Miguel Asqueta presidentea buru, eta oro har Montevideoko hiru euskal etxeetako ordezkariak eta herrialde osoko euskal etxeetako ordezkari eta kideak izan dira gonbidatuak. Euskal Erria Euskal Etxeak zabaldu du gonbidapena bere egoitzako 'Aurora Ezcurra' aretoan, asteazkenean, arratsaldeko zazpi t'erdietarako.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia