La Floresta, Uruguai. Joan den asteburuan --azaroaren 30tik abenduaren 1era-- egin du ‘Uruguaiko Euskara Ikasleak’ taldeak bere urteroko euskarazko asteburupasa, aurten La Floresta herriko El Hidalgo Kanpalekuan. 5. ediziora iritsi den kanpo ekintza honek oso helburu argiak ditu: “egun osoan euskara praktikatzea, euskarazko hitz berria ikasi eta erabiltzea; eta euskal ohitura eta moldeak ezagutzea eta dantzak, musika, kirolak, geografia eta txapelketak landu eta egitea”, Andrea Bella, Martín Zabalza, Maria Laura Moreno Sasiain eta Gabriel Arce irakasleak lagun.
Kanpalekura iritsi bezain laster, lekua egokitu eta euskaldundu zuten. Otorduak ere beraiek prestatu zituzten eta ezinbesteko intendentzia-lanak eta bestelako betebeharrak burutu eta gero, jolasen, tailerren, lehiaketa eta ibilbideen unea etorri zen.
Igande goizean Haize Hegoa (Montevideo), Ibai Ondoko Etxea (Carmelo) eta San Joseko Euskaldunak Taldea (San Jose) euskal etxeetako zenbait lagunen bisita jaso zuten. Eta aire zabaleko honelako jarduera batean ezin falta sua: sua ere piztu zuten, beraz, eta suaren inguruan bildurik euskal kantak abestu zituzten, Martin Zabalza irakasle eta musikaria lagun.