euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uruguaiko Haize Hegoak Montevideora datozen Euskal Herriko gazteei euskal etxera hurbiltzeko gonbitea egiten die

2023/07/27

Ezkerreko puntan eserita, Ander Ramirez Ortega, atzean, zutik, Maite Inthamoussu, eta eskuineko puntan, zutik, Amaia Jordana Urriza elkarretaratze batean Montevideoko Haize Hegoa euskal etxean.
Ezkerreko puntan eserita, Ander Ramirez Ortega, atzean, zutik, Maite Inthamoussu, eta eskuineko puntan, zutik, Amaia Jordana Urriza elkarretaratze batean Montevideoko Haize Hegoa euskal etxean.

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguay. Ameriketara etorri berri ziren euskaldunentzat Euskal Etxeak elkarri laguntzeko eta euren kultura eta sorterriarekiko lotura mantentzeko gune bat izan ziren. Baina zentzu askotan garaiak eta baldintzak asko aldatu dira. Emigrazio tradizionalik ez da, baina neurri txikiagoan bada ere, Euskal Herritik "migratzaileek" etortzen jarraitzen dute, eta egun, asko unibertsitateko ikasleak dira. Montevideoko Haize Hegoak gonbitea luzatzen die gazte horiei euskal etxera hurbildu eta elkar aberasteko ituna berri dezaten.

“Poz handiz bizi dugu gazteak Uruguaira ikastera etorri eta gure euskal etxera hurbiltzen direnean. Neska-mutil hauek gaur egungo Euskal Herriaren irudia ekartzen digute eta, aldi berean, gure ekitaldi sozial eta kulturaletan parte hartzen dute, gauza zahar eta berriak uztartu eta emaitza aberastuz, euskaraz hitz eginez datoz, musikarekin, dantzarekin, gure gazteekin loturak sortzeak on egiten digu eta on egiten die baita ere, besterik gabe, gure bazkideekin partekatzeak", adierazi dute EuskalKultura.eus-ekin solasean Maite Bengoak eta Mariel Fernández Artasanchezek, Haize Hegoako lehendakari eta erreferente direnak, hurrenez hurren.

Bat egiten dute gure gazteekin eta "egungo Euskal Herriaren egungo irudia dakargute, gurekin partekatu eta aberasten egiten dituzte gure jarduera sozial eta kulturalak"

Hamarkada askotako engaiamendu euskaltzale nabariko bi euskal-uruguaitarrek harreman sinbiotikoa aipatzen dute. "Asko eskaintzen digute, eta uste dugu segurtasun leku bat ere bagarela gu eurentzat, sor daitezkeen ustekabeko egoeretan jotzeko lekua. Eta gustura behar lezaketen baliabide hori izatearekin. Beren herriarekiko lotura leku bat ere bagara, hemen euren hizkuntzan hitz egin dezakete, euskal mokadu tipikoak jan, euren istorioak entzuteko publikoa gara, interesatzen baitzaizkigu Euskal Herria eta euskaldunak", azaltzen dute.

Amaia Jordana Urriza Lizarrakoa (Nafarroa) da. Haur Hezkuntza ikasi zuen Gasteizen eta gaur egun Nafarroako Gobernuko beka bati esker dago Montevideon, hezkuntza ez-formaleko elkarte batean lanean. Sei hilabeterako etorri da. Latinoamerikan lehenengo aldia duen honetan honela diosku: “Euskal Etxearekiko esperientzia oso baliagarria izan da, ederra. Lehenengo egunetik oso ondo hartu gintuzten eta oso jende jatorra ezagutu dugu. Eurekin elkartzea oso aberasgarria izan da, eta euskal kultura mantentzeko eta bizitzeko egiten duten ahalegina benetan izugarria da, guztiz hunkigarria. Etxetik hain urrun egonda gertu sentitzea ikaragarria izan da!", aitortu du.

Amaiarekin batera, Ander Ramirez Ortega etorri zen, Lizarratik ondoko Aiegitik, eta bat dator Amaiak esperientziaz emandako balorazioarekin. “Bai, oso baliagarria izan da, ez nuen espero bertan ezagututako pertsonek hain euskal sentimentu handia izatea. Oso polita da Euskal Herritik hain urrun egonda ere, kulturari horrelako garrantzia ematea eta haien arbasoen ohiturak eta bizimodua honela bizi eta zabaltzea. Etxetik hurbil sentiarazi naute eta hori izugarri eskertzen da etxetik horren urrun egotean”, baietsi du.

Maite Inthamoussu, azkenik, gaztea da eta uruguaitarra, Haize Hegoako bazkide eta dantza taldeko kidea. Bere aburuz, elkarrekiko ekarpena truke kulturala da. “Beraiei, euskal kultura berezko gisa bizi duten uruguaitarrak ezagutzeko aukera ematen die, euskal arbasoak izanda ala ez, kultura hori euren ingurunean transmititzen eta egunez egun bizirik mantentzen ahalegintzen diren Diasporako kideen ezagutza egitekoa. Eurak, geografikoki urrun baina kulturalki oso hurbil dagoen lur baten ikuspegi garaikidea ekartzen digute”, irizten dio.

“Horregatik, Uruguaira etortzekotan bazaude edo horretan dabilen norbait ezagutzen baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan, plazer bat izango baita gure etxean, zurea den etxe honetan zu hartzea”, ixten du Mariel Fernándezek.

Harremanetan jartzeko, hona datuak:

WhatsApp: +598 98 651 65
E-mail: haizegoa@netgate.com.uy
Facebook: HAIZE HEGOA, Euskal Etxea
Instagram: @haize_hegoa_uy



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia