euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uruguaiko Floresko Euskal Etxeak izaera juridikoa lortu du eta Euskal Astea ari da antolatzen apirilerako

2011/01/21

Floreseko Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko kideak, Ecos Regionales egunkariari eskainitako elkarrizketaren une batean (argazkia EcosRegionales)
Floreseko Euskal Etxeko zuzendaritza batzordeko kideak, Ecos Regionales egunkariari eskainitako elkarrizketaren une batean (argazkia EcosRegionales)

PUBLIZITATEA

Berri onak ari dira pilatzen Floresko Euskal Etxean. Alde batetik, Uruguaiko Flores departamentuko elkarte gazte honek izaera juridikoa eskuratu du eta datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzako Euskal Etxeen erregistro ofizialean onartuak izatea espero dute arduradunek. Bestetik, Euskal Aste bat ari dira antolatzen Trinidad hiriburuan apirilerako eta programa ikusgarria iragarri dute: gaucho erakustaldia, pilota, musa, argazki erakusketak, euskal etxeari buruzko liburu baten aurkezpena... Apirilaren 2tik 10era.

Trinidad, Uruguai. Floresko Euskal Etxea, Uruguaiko Flores departamentuan, gogotsu ari da bere lehen pausoak ematen. Joan den uztailean sortu zen elkartea eta dagoeneko eskuratu dute izaera juridikoa. Honen karira elkarrizketa egin dio Ecos Regionales aldizkariak elkarteko zuzendaritza batzordeari eta, Esteban Fagalde presidenteak azaldu duenez, pauso garrantzitsu honen ostean bazkide kanpaina bat hasiko dute datozen asteetan. Erantzun ona izatea espero daiteke, izan ere Flores departamentua 1985eko erroldan euskal komunitateko kide gehien zituena bezala agertu zen.  

Celia Bessonart Rizzo zuzendaritza kideak izaera juridikoa eskuratzeak Diasporako euskal etxeen erregistroan sartzeko ateak irekitzen dituela gehitu zuen. "Hau oso garrantzitsua da, Eusko Jaurlaritzarekin harreman zuzena izateko aukera emango digulako, honek guretzako eta eurentzako ekar ditzakeen onura guztiekin”.

Euskal Astea apirilean

Alvaro Fagalde batzordekideak elkartea Euskal Aste bat prestatzen ari dela iragarri zuen, gainera. Apirilaren 2tik 10era izango da, Trinidad hiriburuan. Fagaldek egitarauko jarduera batzuen berri ere eman zuen. Euskal Astea larunbatean, apirilaren 2an, hasiko da, Ardoaren Areto batekin. Ondoren igandean Txirrindularitza txapelketa eta Mus txapelketa egingo dituzte (azken honek Mundialerako sailkatzeko balioko duela espero dute).

Astean zehar solasaldiak, argazki erakusketak eta Celia Bessonartek euskal etxeari buruz idatzi duen liburuaren aurkezpena izango dira ekitaldietako batzuk. Horrez gain nazioarteko pala txapelketa bat (Argentina, Venezuela, Txile eta Uruguaiko partaideen baieztapenaren  zain) eta eskuzko erakusketa bat ere egingo dituzte.

Trinidad-eko Konstituzio Plazan izango dira ekitaldietako batzuk: paella erraldoia, arkume errekia, euskal jakien postuak eta abar. Euskal Astea igandean, apirilaren 10ean itxiko da, euskal etxeetako ordezkaritzen desfile batekin eta gauchoen desfile batekin. Ondoren meza eta lagunarteko bazkaria egingo dituzte, elkarteko kide eta gonbidatu guztiekin.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia