Euskararen Nazioarteko Eguna joko eta irri artean ospatu zuten Uruguaien Montevideo eta San Jose hiriko euskara ikasle eta irakasleek. Centro Euskaro elkartean egin zuten festan 30 bat lagun bildu ziren eta giro bikainean gozatu zuten egunaz. Uruguaiko euskara irakasle Andrea Bellak argazki sorta ederra jarri du "Uruguaiko azken berriak" blogean. Euskaraz idazten du blog hau Andrea euskal-uruguaidarrak, anima zaitezte eta utziozue iruzkinen bat!
Montevideo, Uruguai. Iragan abenduaren 4an ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna Uruguaiko euskara ikasle eta irakasle talde zabal batek, hiriburuko Centro Euskaro euskal etxean bildurik. Bertan izan zen ere Enrique Poittevin, FIVU Uruguaiko Euskal Etxeen Federazioko presidentea. Eguna euskara ospatzeko eta praktikatzeko aukera bikaina izan zen eta horretarako jokoak eta jarduerak prestatu zituzten antolatzaileek.
Andrea Bella irakaslearen "Uruguaiko azken berriak" blogetik jaso ditugu jarraian datozen argazkiak. Blogean irudi gehiago dituzue ikusgai eta baita Uruguaiko euskara ikasle eta euskaltzale talde bizi-bizi honen beste ekitaldien berri. Euskaraz idazten du bloga Andreak, eta gure ustez horixe da euskara ospatu eta gozatzeko erarik onena!