euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uruguaiko euskal jatorriko haurrek otsailaren 4ean hasiko dute euren Udaleku, orain arteko seigarrena

2010/01/28

2009ko FIVUren Udalekuko irudia: haurrak hondartzatik ateratzen (argazkia EuskalKultura.com)
2009ko FIVUren Udalekuko irudia: haurrak hondartzatik ateratzen (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Montevideon puri-purian jarraitzen du Argentina, Brasil, Kolonbia, Txile eta Uruguai bertako euskara irakasleak bertara bi asterako ekarri dituen euskara barnetegiak, baina ekimen hau aste honetan amaitzeke, FIVUk, Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioak, aurrez aurre dauka ia bere hurrengo hitzordua, alegia: urtero 6-12 urteko neska-mutikoentzat Rio de la Plataren ertzeko Campamento Artigas delakoan antolatzen duen Udaleku. Izan ere, bere seigarren ediziora heldu da aurten hemengo Udaleku, eta ohi bezala, ziento erdi bat partaide espero ditu.

Montevideo, Uruguai. FIVUko zuzendarietako batzuk buru-belarri dihardute euskara irakasleentzat antolatutako 'Euskara Munduan' programarekin, eta hala segitu dute aste honen hondarrean ekimen hori bukatu eta Argentina, Brasil, Kolonbia, Txile eta Uruguai bertatik etoritako ikasle/irakasleak euren etxeetara itzuli arte. Tarte handirik ezin izango dute hartu, ordea, datorren astean, hurrengo astean, otsailaren 4an, hasiko baita euren hurrengo ekimena: urtero bere parte diren euskal etxeetako gaztetxoentzat federazioak antolatzen duen Udaleku, aurtengoan seigarren ediziora iritsi dena.

Iragarritako datak otsailaren 4tik 7ra arte izaten segitzen du, baldin eta denborek --kronologiko zein klimatikoek-- bestelako eragozpen nagusirik ipintzen ez duten, hala gertatuz gero abisua berehala pasatuko litzatekeelarik. Udalekuk ziento erdi bat neska-mutiko bilduko ditu, aisialdia eta naturarekin eta udako proposamenekin zerikusia daukaten ekimenak euskal jokoekin eta euskal kultura lantzeko jolasekin nahasiz, beti ere uda giroa eta ongi pasatzeko lerro nagusien azpian.

Hau guztia FIVUk urtero Udaleku egin ohi duen lekuan gauzatuko da, Campamento Artigas delakoan alegia, Colonian, Rio de la Plata ertzean, neska-mutikoen adina 6-12 bitartekoa, nahiz eta 13-15 urteko gaztetxoak ere izango diren, begirale laguntzaile gisa "lidergoan urratsak eman eta ardurak hartzen joan daitezen", Enrique Poittevin FIVAko zuzendaritzakoak EuskalKultura.com-i adierazi dionez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia