Montevideo, Uruguai. Uruguaiko Yamandú Orsi ezkertiar Frente Amplioko presidente berriaren kargu hartzeak mundu osoko pertsonaia eta ordezkaritza ugari bildu zituen joan den larunbatean Montevideora, tartean Euskal Herriko ordezkaritzak, instituzionalak zein alderdi politikoenak. Uruguai da munduan proportzionalki bere biztanleetan euskal jatorriko jende gehien duen herrialdea. Eta karguratzearen zirkunstantziaz baliatuz, horretara etorritako EAJ eta EH Bilduko ordezkariek, Mikel Burzako eta Gorka Elejabarrietak, eskaera luzatu zieten bertako euskal etxeei elkarrekin bildu eta solasaldi bat izatea. Montevideon bertan zen, Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkaria ere bertaratu zen.
Diasporatik, bat egin zuten elkarretaratzean, Euskal Erria EEak, Saltoko Euskaldunen Taldeak eta FIVU federazioko kide diren euskal etxeek, ekitaldia "atsegin", "adiskidetsu", "aberasgarri", eta "solasaldi emankor"tzat joz
Bilera Montevideoko egungo euskal etxerik zaharrenean egin zen, 1911n sortua den Euskaro Euskal Etxean. Diaspora uruguaitarraren aldetik Euskal Erria, Saltoko Euskaldunen Taldea, Floresko Euskal Etxea, Montevideoko Haize Hegoa, Carmeloko Ibai Ondoko Etxea, San Joseko Euskaldunak eta Euskaro Euskal Etxeak hartu zuten parte, azken hauek FIVU edo Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioko parte direnak.
Bildutakoek euren kezka eta galderak mahaigaineratu zituzten, solas arin eta emankor batean
Euskal Herritik etorritakoen artean, parte hartu zuten Alderdi Jeltzalearen izenean, Mikel Burzako Euzkadi Buru Batzarreko Nazioarteko arduradunak; Gorka Elejabarrieta, senataria Madrilen eta EH Bilduko Kan Harremanetarako idazkariak, eta alderdi bereko Oihan Vitoria Parlamentuko aholkulariak; partaide baita ere Ander Caballero Barturen, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusiak.
EuskalKultura.eus-ek bileran egondakoen artean bildutako duenez, martxoaren 2an, igandea, eginiko bilera eta bazkari hau "adeitsu eta atsegina" izan zen, "interesgarria eta aberasgarria oso", solasaldi "emankorra" eta "loturak, trukea eta dialogoa indartzeko" balio izan zuen. Kezkak eta galderak planteatu ziren sanoki bi aldeetatik eta "oso giro atsegin eta hurbilekoan" mintzatu ziren mahaikide guztiak, euskal etxe, pertsona zein erakunde eta alderdi.