euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kultura, gastronomia, kirola eta genealogia bihar abiatuko den Floresko 3. Euskal Astean

2013/04/04

Esteban Fagalde, Celia Bessonart eta Alvaro Fagalde Euskal Astearen aurkezpen ekitaldian (argazkia EcosRegionales)
Esteban Fagalde, Celia Bessonart eta Alvaro Fagalde Euskal Astearen aurkezpen ekitaldian (argazkia EcosRegionales)

PUBLIZITATEA

Floresko Euskal Etxeak bihar abiatuko duen III Euskal Astea egitarau mardularekin dator aurten, eta apirilak 14a bitartean luzatuko da. Elkarteak ekitaldi ugari prestatu ditu, horien artean gastronomia dastaketak, kirolak, mus txapelketa, genealogiari buruzko hitzaldiak, dokumentalak eta Uruguaiko departamentu honetako euskaldunei buruzko erakusketa ibiltaria, besteak beste. Bihar, Euskal Gastronomia eta Ardoaren erakusketak emango dio hasiera 2013ko Euskal Asteari.

Flores, Uruguai. Dena gertu dago Uruguaien Floresko 3. Euskal Asteari hasiera emateko bihar bertan, Euskal Ardoaren eta Gastronomiaren Erakusketaren inaugurazioarekin. Bertara bilduko dira Uruguaiko, Argentinako eta Brasilgo 20 ardo upeltigitik gora, ekitaldiak aurten izango duen mailaren erakusle.

Erakusketan denetarik dastatzeko aukera izango da, besteak beste, Gustavo Burgos sukaldariak bertan zuzenean prestatuko duen paella, Colonia Suiza etxeko gaztak eta UTUko gastronomia ikastaroko ikasleek eginiko euskal pintxoak. Ekitaldiaren antolakuntza orokorra  Miguel Etchandy somelierraren esku egongo da.

Gastronomia izango da ardatz larunbatean ere, Konstituzio Plazan egingo den Paella Erraldoiari esker. Arratsaldeko 19:00tan hasiko dira paella prestatzen plazan eta, horrez gain, euskal janari eta edari postuak jarri eta dantza erakustaldiak egingo dira.

EGITARAUA

Euskal Astearen egitarauak honela jarraituko du:

Igandea 7

–9.30: 7 kilometrotako Maratoia Trinidad hirian.

Asteartea 9

–20.00: Plaza Mikrozinean, Floreseko euskaldunei buruzko hitzaldia emango du Hernan Sorhuet adituak. Sarrera doan. 

Asteazkena 10 eta osteguna 11

–19.00: “Polo Bessonart” pilota zirkuluan:
*Pilota txapelketa Uruguaiko Gazteen Selekzioko pilotariekin eta Euskal Etxeko pilotariekin. 
*Larruzko pilota desafioa Uruguaiko txapeldun Tourreilles-Fagalde eta panamerikar txapeldunorde Baldizan-Dufau bikoteen artean. Sarrera doan.

Igandea 14

–11.30: “Dr. Tabaré Regules” elkartean:

*Meza
*Arkume erreki txapelketa (dirusaria irabazten duen taldeak aukeratuko duen ongizate elkartearentzat).
*“Historia de los Vascos en el departamento de Flores” liburuaren aurkezpena. Floresko Euskal Etxeko kideek idatzi eta argitaratu dute lana.
*Kreol bazkaria.
*Kontzertua.
*Maratoiaren, pilota txapelketaren eta erreki txapelketaren sari banaketa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia