Florida, Uruguai. Orain lau urte, 2019ko abuztuaren 29an, Vasconia Florida Euskal Etxea sortu zen Uruguaiko Floridan. Bost urteko prozesu luzearen ostean euskaldunen bertako ondorengoek formalki bildu eta euskal etxea sortzea erabaki zuten. Covid pandemiak ez du lagundu, baina duela hilabete batzuk nortasun juridikoa lortu dute. Hurrengo urratsa Eusko Jaurlaritzaren onarpena lortu eta Munduko Euskal Etxeen Erregistroan sartzea da. Eta hauxe eta Euskal Herriarekiko eta gainerako euskal etxeekiko harremanak sortu eta ugaltzea helburu, EEko ordezkaritza batek Euskal Herria bisitatu zuen ekainean, besteak beste Gasteizen Lehendakaritza bisitatuz eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranbururekin bilduz; eta uztailean Gorka Alvarezek berak gauza bera egin du, Floridaraino heldiz Argentina eta Uruguaira egidako bidaiaren barruan eta EEko eta Floridako Udaleko agintariekin batuz.
Elkartearen sorrera-akta 64 bazkidek sinatu zuten, baina jada beste 70 sartu dira geroztik eta urte amaierarako 150 bazkide inguru izango direla jotzen dute. Bazkideei dagokienez, Floridan euskal kultura zabaltzeko lanean ari diren 30 eta 75 urte bitarteko gizon eta emakumeen talde heterogeneoa dira. Orain artean euskal kulturari buruzko hitzaldiak antolatu dituzte hainbat eskolatan, euskal pilota erakustaldiak Uruguaiko Selekzioaren eskutik, euskal baserrietako argazkien erakusketa bat zabaldu zuten eta topaketa gastronomiko jendetsuak gauzatu dituzte. Eta joan den ekainean bertako talde batek Euskal Herrira bidaiatu zuen, euskal kultura bertatik bertara ezagutu eta zenbait agintari eta ordezkariren aurrean euren burua aurkeztu eta harremanak bultzatzeko.
Euskal Etxea Vasconia Floridaren sortze-bilera, elkarteko lehendakari Servando Echeverria buru
Ekainean Euskal Herria bisitatu zuen Floridako ordezkaritza Gasteizen Gorka Alvarez Aranbururekin
Uztailean Gorka Alvarez Aranburu izan zen Florida bisitatu zuena, irudian Udaletxean alkatea ondoan
Floridako Gernikako Arbola Plazatxoa
Nabarmentzekoa da Gernikako Arbola Plazan egin duten lana. Plaza txiki bat da, 1972an sortua, erdian granitozko harri bat duena, Bizkaiko armarria grabatua, eta ondoan 1985ean landatutako haritz bat. Abandonatua zegoen eta Euskal Etxeak, Departamentuko Gobernuarekin batera, espazio osoa berritzeko proiektu bat gauzatu zuen. Euskal dantzariek edertu zuten ekitaldia, eta gauean Xabier Irujo historialariak Gernikako bonbardaketari buruzko hitzaldia eman zuen, azpimarratu dio Servando Echeverría Vasconia Floridako lehendakariak Euskalkultura.eus-i. Hurrengo urratsa, alboko kale bati izena aldatzea izango dute, “Euskal Herria” izendatuz, eta oinezkoentzako kale bihurtzea.
Euskal etxe gaztea izan arren, harreman sendoak ezarri dituzte dagoeneko Uruguaiko gainerako euskal etxeekin, hala nola Montevideoko Euskal Erria, Haize Hegoa, eta Euskarorekin, Saltoko Euskaldunen Taldearekin eta baita FIVU Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioarekin ere. Eusko Jaurlaritzako ordezkarien bisita jaso dute, tartean dagoeneko aipatutako Sara Pagola Euskadiren ordezkariarena, eta Gorka Alvarez Aranburu, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariarena. Hauek dira Vasconia Floridako Zuzendaritza Batzordeko kideak: Servando Echeverría Olalquiaga, Horacio Tellechea, Martín Barbería, Natalia Echarte, Rafael Leaniz, Alejandro Echeverría, Carmen Arguiñarena, titularrak; eta ordezko gisa: Gonzalo Echeverría, Alejandro Arrillaga, Mines Fleitas Zabaleta, Carlos Aguirre, Beatriz Carriquiry, José Andrés Arocena eta Fernando Ochoteco.
Zorionak eta beti aurrera, Vasconia Florida!