Salto, Uruguai. Harriague Sotoko Kudeaketa Batzordeak --Saltoko Alkatetza, Saltoko Euskal Etxea eta hiriko Ardo Ekoizleen Elkartea partaide-- ‘Harriagueren Bigarren Astea’ren data eta programa adosteko bilera egin du joan den astean. Festak Pascual Harriague (Hazparne, 1819 - Baiona, 1894) aitzindari euskalduna omentzea du helburu --gogora dezagun hazpandarra Saltoko ‘Harriague Upeltegi’aren sortzaile eta egun "Uruguaiko mahats nazionala" kontsideratua den Tannat-en sartzaile izan zela bertan-- eta “Espacio Cultural Bodega Harriague, Punto 0 del Tannat" izeneko proiektuaren barruan gauzatuko dute.
Ekimenaren bigarren edizio hau –lehenengoa iaz izan zen Harriague jaio zeneko bigarren mendeurrenean– apirilaren 13tik 19ra egingo da hainbat ekitaldi barne. Kirol aktibitateen artean, Paleta Txapelketa eta 'Korrika' bat egingo dituzte saltotarrek. Kultur ekintzen artean, berriz, ‘Ardo festa’ (sic) eta oraindik baieztatzeke dauden hitzaldi pare bat.
Antolakuntza bilera Euskal Etxean egin zen eta kopak altxatzeko momentuan bildutakoek Bertolini & Broglio Upeltegiko ‘Tannat Exótic’ izeneko ardoarekin egin zuten topa. “Bertolini & Broglio Upeltegiko arduradunak erabat sartuta daude proiektuan, eta euren ‘Tannat Exótic’ek sari bat jaso berria du Europan aurten, laugarren aldiz.
(datu hauek guztiak, egungo informazioaren arabera; aldaketarik bada, joango gara eguneratzen, oso litekeena baita)