Salto, Uruguai. Lehen, Saltoko Euskaldunen Taldeak paperezko buletin batean helarazten zizkien berriak bazkideei. Garaiak aldatu egin dira, ordea, eta komunikatzeko modu berrietara egokituz, Zuzendaritza Batzordeak formato digitaleko buletin bat ateratzea erabaki du. María Analí Moreale Olaizolak, Zuzendaritza Batzordeko idazkaria eta buletinaren arduradunak, publiko guztiarentzat eskuragarriago izatearren hartu dutela erabakia esan dio EuskalKultura.eus-i, euskal kultura pertsona gehiagorengana helaraztearren.
Hilean behin argitaratzen da buletina eta bazkide eta bazkide ez diren pertsonen ekarpenak jasotzen ditu. Hainbat atal biltzen ditu: Euskal Herriko kultura eta aktualitatea, Gastronomia, Euskara, eta, jakina, euskal etxeko albiste eta jarduerak. Abuztuko alean, adibidez, euskal udako jaien aipamenaz gain, torrijen errezeta bat bildu dute, bi astero euskal etxean ematen diren euskara klaseen apunteak, eta euskal etxeko abesbatzaren eta kirol taldeen nobedadeak (Saltoko Bizikletarenak eta Baskos 33, Super Senior Futbol Ligarenak).
Deia kolaboratzaileei
Euskal Etxeak deia egin die bazkideei, lagunei eta argitalpenarekin kolaboratzeko interesa izan dezaketen guztiei gonbitea luzatuz euren ekarpenak helarazi eta euskal kultura munduan zehar ezagutarazten laguntzeko. Horretarako, telefono hauetako batera deitu dezakete: 099737174, 098619875, 099741366. Edo, zuzenean, buletinaren arduradunarekin harremanetan jarri: María Analí (099688393).
- Uztaileko buletina
- Abuztuko buletina
Zorionak ekimenagatik, eutsi!