euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uruguai: Juan Manuel Besnes e Irigoyen artista euskal-uruguaitarraren posta-zigilua aurkeztu dute Montevideon

2023/07/12

Posta zigiluaren aurkezpen ekitaldia Casa Rivera-n, Postako, Museoko, Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Etxeetako ordezkariekin. Erdian, Gorka Alvarezen ondoan, zigiluari eutsiz, Agurtzane Aguado, Euskal Erria euskal etxeko lehendakaria
Posta zigiluaren aurkezpen ekitaldia Casa Rivera-n, Postako, Museoko, Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Etxeetako ordezkariekin. Erdian, Gorka Alvarezen ondoan, zigiluari eutsiz, Agurtzane Aguado, Euskal Erria euskal etxeko lehendakaria

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Joan den astelehenean aurkeztu dute Montevideon, Juan Manuel Besnes e Irigoyen artista euskal-uruguaitarrari bertako Postak eskainitako zigilua, Posta Uruguaitarrak berak, Euskal Erria Euskal Etxearekin, Museo Historikoarekin eta Kultura Zuzendaritza Nazionalarekin batera, sustatutako proiektua. Zigilu bidezko omenaldi proposamena aspaldi egina zuen Alberto Irigoyen historialariak, donostiarraren ibilbidea ikertu eta haren biografia Liburutegi Nazionalarentzat  idatzi zuenean. "Proiektuak urteak behar izan ditu bideratzeko, baina azkenean joan den astelehenean gauzatu da, ekitaldi eder batean, publiko asko partaide", komentatu dio EuskalKultura.eus-i historialariak.

Juan Manuel Besnes e Irigoyen euskal-uruguaitarra artista eta pertsona polifazetikoa izan zen, dagoeneko 19. mendearen lehen erdian emakumeen formakuntza aktiboki bultzatu zuena

Gogora dezagun Juan Manuel Besnes e Irigoyen Donostian jaio zela 1789ko uztailaren 13an, eta 1808an iritsi zela Uruguaira, Pasaiako portutik abiatuta. Ibilbide luzekoa irakasle gisa, emakumeen hezkuntzaren defendatzaile handia izan zen ideia horiek ongi ikusiak ez ziren testuinguru batean. Esan eta egin, jarrera horrekin egin zuen lan bere ardurapean izan zituen Karitateko Ospitaleko Eskolan, eta geroago Estatuko Eskola Normalean. Karia horretara, 1865ean, hil baino bi hilabete lehenago egin zioten omenaldian, bere izena ezarri zioten Neskatoen 2 zenbakidun Eskolari. Pertsonaia polifazetikoa izan zen, irakasle izateaz gain, funtzionarioa, topografoa, Notableen Batzarreko kidea, soldadua, margolaria, kaligrafoa eta kronista grafikoa ere izan baitzen.


Juan Manuel Besnes e Irigoyen margolari eta irakasle euskal-uruguaitarra omentzen duen posta-zigilua

Asteleheneko ekitaldian partaide izan ziren Rafael Navarrine eta Jorge Pozzi, Uruguaiko Postako presidente eta zuzendaria, hurrenez hurren; Andrés Azpiroz, Museo Historikoko zuzendaria; Wilfredo Penco, Letren Akademia Nazionaleko presidentea; eta euskal aldetik Sara Pagola, Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkaria; Gorka Álvarez Aranburu, Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; María Elena Etcheverry de Irujo, Buenos Airesko Ekin argitaletxeko zuzendaria; Haize Hegoa Euskal Etxeko, Saltoko Euskaldunen Taldeko eta FIVUko ordezkariak eta, bistan da, Euskal Erria Euskal Etxea, bertako lehendakari Agurtzane Aguadoren bidez, bi hamarkadatik gora EE horretako presidente daraman anderea, eta aste honetan bertan Uruguaiko eta nazioarteko euskal komunitateen omenaldia jaso duena Euskal Erria-ren egoitzan bertan.

Ekitaldiari amaiera emateko, hitzaldi interesgarri bat eskaini zuen Nestor Beretta lizentziatuak, Museo Nazionaleko zaharberritzaileak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia