Montevideo, Uruguai. Bere inguruko herrialdeak jasaten ari direna baino askoz egoera hobea bizi du Uruguaik koronabirusari dagokionez. Izan ere, poliki poliki ari dira konfinamendu garaia gainditzen, eta egoera hobe horregatik hain zuzen konfinamendua bera ere ez da derrigorrezkoa izan. Arlo ekonomikoan, berriz, eta mundu osoan bezala, egoerak kalte handiak utziko ditu hilabete hauetan eta argi dirudi denbora beharko duela gizarteak bere onera bueltatzeko.
Haize Hegoa Euskal Etxeko erreferente Mariel Fernandezek EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Lagun askok galdu dute beren lanpostua, betiko edo hilabete batzuetarako eta gaizki ari dira pasatzen. Eta Euskal Etxekook ezin diegu bizkarra eman. Horren aurrean, bururatu zaigu ‘paella solidario’ bat egitea, Euskal Etxetik hurbil dauden elkarte solidarioekin bat eginez”.
Paella solidarioa azken larunbatean egin zuten eta anoa bost kilo produkturen truke lortzen zen (janari ez galkorra eta garbiketa produktuak). Produktu horiek bildu eta, oraingoan Ollas y Canastas Solidarias elkartera eraman zituzten Euskal Etxekoek.
Ekintzaren arrakastak bultzatuta, hau bezalako ekintzak egiten jarraitu nahi du Haize Hegoak, “Egun hauetan oso gaizki pasatzen ari diren herritarrei lagundu ahal izateko”, berretsi dute. Argazki sorta, hemen.