Vitoria-Gasteiz. Gernikako Bonbardaketaren 81. urteurreneko astean, Alvarez Aranburuk, bisitatuko dituen euskal etxeetako zenbaitek urteurren horren inguruan antolatutako ekitaldietan hartuko du parte, leku bakoitzeko euskal etxe eta komunitateetako bazkide eta buruzagiekin biltzeaz gain. Gaur bertan, FIVU Uruguaiko Euskal Erakundeen Federazioko buruzagiekin bilduko da eta Gernikari buruzko ekitaldi batean arituko da.
Ondoren, herrialde ipar-mendebaldean Uruguai ibaiaren ertzean dagoen Saltora bidaiatuko du eta bertako Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak bertako Harriague euskal aitzindari eta ardogilearen haritik hasia duen proiektuaren baitan, 'Gernika Gunea' lehenengo harria ezartzeko zeremonian hartuko du parte. Igandean, apirilaren 29an, berriz, Montevideora itzulita, hiriko Gernika Plazan finkatu den ekitaldi publiko batean jardungo du, FIVUren eskutik eta Haize Hegoa eta Euskaro euskal etxeak ere partaide.
Astelehenean, apirilaren 30an, Euskal Erria euskal etxea bisitatu eta bertako buruzagi eta bazkideekin bilduko da, lehen eskuko informazioa jasotzeko euren ekitaldi, proiektu eta kezka eta arrangurei buruz.
Maiatzaren 1a, jai eguna, Montevideotik Buenos Aires eta Argentinara bidaiatzeko baliatuko du, biharamunean, maiatzaren 2an, Buenos Aires probintzia barneko Maipun, bertako Anaitasuna euskal etxeko kideekin bilduko baita euskal elkarte maiputarraren egoitzan, segidan Ayacucho bisitatzeko, bertako Euskal Odola euskal etxearen eraikin berrian herriko euskaldunekin batzeko.
Maiatzaren 3an Mar del Platara bidaiatu eta bi egunez 2018ko Argentinako Euskal Aste Nazionala antolatu eta ospatuko duen Buenos Aires probintziako itsasertzeko hiri honetan, Denak Bat euskal etxeko lagunekin elkarretaratuko da. Eurekin, besteak beste, azaroko lehenengo astean egingo den hitzordu garrantzitsu honen programarekin batera gauzatuko den Euskal Etxeen Kongresuarteko Bilera Erregionalaz (Hego Ameriketako bileraz) mintzatuko da, berau garaiz eta egokien prestatzearren.
Larunbatean, apirilaren 5ean, larunbata, BACen bezperan, FEVArekin eta Laurak Bat euskal etxearekin bilduko da, eta "Buenos Airesek EH ospagai" programara lerratuko, igandean, apirilaren 6an, BAC egunean, ekitaldi horretako programan parte hartuz Mayo Etorbidean.
Apirilaren 7an, astelehena, Euskal Echea elkarteko eta eskolako ordezkariekin izango du hitzordua, Euskal Kultur Etxe-Eusketxeko kideekin bilduko da eta galiziarren Emigrazioaren Museora bertaratuko da, azkenik Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokara joan eta bertako euskal standa bisitazeko, Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioko lagunak bertan, maiatzaren 8an Euskal Herrirako bueltako bidea hartu aurretik.