euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urteroko ohiturari jarraituz, Kultur Astea egin du Villa Mariako Euzko Etxea-k joan den urrian

2012/11/12

Villa Mariako Euzko Etxearen 56. Aste Kultura irudietan (argazkiakEE)
Villa Mariako Euzko Etxearen 56. Aste Kultura irudietan (argazkiakEE)

PUBLIZITATEA

Ekintza multzo polita bildu du Villa Mariako euskal etxeak urrian antolatutako Kultur Asteak. Izan ere, ekitaldiaren 56. edizio honetan, aurrekoetan bezala, gustu guztietako jendearentzako proposamenak eskaini dira. Urriaren 17tik 24ra arte, programa aberatsa garatu da, tartean, Mus Txapelketa, euskal zinea, dantza eta musika ikuskizunak eta hiriko gabetuei laguntzeko ekimenak. Aktibitate handiko egunak bizi izan dituzte Villa Mariako euskal etxeko lagunek, eta biziko dituzte datozen hilabeteetan ere, eurak baitira 2013ko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren antolatuko dutenak.

Villa Maria, Argentina. Villa Mariako 56. Euskal Kultur Asteko egitaraua urriaren 17an hasi zen, ‘Truco’ eta Mus Txapelketa batekin, euskal etxearen egoitza barneko Euskal Herria aretoan. Ostiral 19an, berriz, eta leku berean, Asier Al­tu­nak eta Tel­mo Es­nalek zuzendutako ‘Aupa Etxebeste’ pelikula proiektatu zen.

Villa Mariako 56. Kultur Astea 2012 01
[Larunbatean, euskal etxeko lagun talde batek bi lore eskaintza egin zituen, bata kanposantuan, bestea Gernika-Aita Jose Maria Iturbe Plazan (argazkiaEE)]
 

Larunbateko egitaraua osoagoa izan zen eta iluntzeko 6:30etan hasi zen La Piedad  Kanposantuko Euskal Etxearen panteoian. Bertan, lore eskaintza egin zen hildakoen omenez. Jarraian, Gernika-Aita Jose Maria Iturbe Plazatxora abiatu ziren euskal etxeko kide eta lagunak eta Plazan beste lore sorta bat utzi zuten. Ondoren, meza eman zen La Santisima Trinidad parrokian, eta eguna bukatzeko, afari dotore bat eskaini zen euskal etxean. Afalostean, etxeko Jai Alai dantza taldeko dantzariek, txiki, gazte eta helduek, dantza ikuskizuna oparitu zioten bildutako jendeari.

Villa Mariako 56. Kultur Astea 2012 02
[Euskal etxeko Jai Alai dantza taldeari egokitu zitzaion larunbateko gaua alaitzea (argazkiaEE)]
 

 Villa Mariako 56. Kultur Astea 2012 03

[Lagunen arteko afaria partekatu zuten 2013ko Euskal Aste Nazionalaren antolatzaileek  (argazkiaEE)]

Aste Kulturalak astelehen 22an jarraitu zuen ekintza solidario batekin. Euskal etxeko talde batek bisita berezia luzatu zion Los Olmos auzoko Berta Gallardo jantokiari. Eta engaiamendu handiko proposamenekin segitzeko, asteartean pertsonen salerosketari buruzko hitzaldi bat eman zuen Alicia Peressutti idazleak. Aste Kulturalaren 56. edizioari amaiera emateko, Joseba Gotzon musikari bizkaitarra gonbidatu zuten Villa Mariakoek. Gotzonek kontzertua eskaini zuen urriaren 24an, euskal etxeko Euskal Herria aretoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia