euskal diaspora eta kultura
2011/09/09
PUBLIZITATEA
Mattin Etxamendi/AEB. “Mendiko Euskaldun Klubak” [Gardnervilleko euskal etxearen izena da hau] aurten bere urteko besta eta kantari eguna biak batean ospatu ditu, agorrilaren 13an, Gardnervillen. Gardnerville Nevada eta Kaliforniako mendi haundien ekialdean da eta Nevadako basamortuaren mendebaldean, denetarik doi bat urrun kausitzen da. Urrun izaiteak badu bere ona, nunahitik bide zati haundi bat badelakotz jendea bezperatik biltzen da Gardnervillera.
Ortzirale arratsaldean harat heltzen garelarik, jadanik besta aroa hasia izaiten da, hango euskal jatetxe hetan jendea gaitzeko omorean dela ageri da. Aspaldian elgar ikustekoak diren adixkideak han elgarretaratzen dira eta bixtan da gaitzeko zaporean elgar agurtzeak plazer egiten duela. Aise da bilgune pollita Gardnerville, bere inguruko rantxo ttipiak denak berde loretan daudelarik, han ikus daizke zernahi behi edo ardi, zaldi zonbait heien artean, denak beren gostu ederrenean daudela. Hori dena Nevadako desertuaren auzoan delarik. Iduri du lore bat basamortuan. Goizetan basa-antzarak multxoka ikus daizke han dabiltzala uharka batetik bertzera. Uste dut jendea harat heltzean berean “besta-aro” senditzen dela. Beraz, ortzirale arratsa arras besta giro goxoan iragan dugu. Jean Pierre eta Manuelaren musika airosak denak dantzarazi ditu. Afari on baten ondotik zer da hoberik !
Ibiakoitzean, euskal meza kantatu batekin hasi da besta, Michael Lastiri ginduela meza emaile. Denek gogotik kantatu dute euskaraz. Arratsaldean aldiz, besta bat arras berezia muntatua zuten, gure haur denborako herrietako bestak bezalakoa. Bestaren idokitzea egin dute “Gardnervilleko agurra” kantatuz. Gero bazen denetarik. Han ikusi ditugu Reno Nevadako dantzari taldea, ondotik kantari zonbait, pertsulariak ere han ginituen, Johnny Kurutxet eta Jesus Goñi. Irri zonbait eginarazi dauzkigute. Gero Gardnervilleko dantzari taldea eta berriz bertze kantari batzu. Artetik armonika joileak ere entzun ditugu. Armonika beti ekarria izan da artzainen eta mariñelen soinu tresna bat dela, ardurenean bakarrik dabiltzan jendek berekin ibiltzen duten soinu tresna. Iduri luke soinu gisa hori hemen bere lekuan zela, hemengo euskaldun zohitu ainitzak noizbaiteko artzainak direlakotz eta ez baita ahantzi behar.
Haur kantariak ere entzun ditugu. Valérie Etxarren NABOko lehendakariak ekarri dauku haur multxo bat, aurten Udalekun euskal kulturaren etxekotzen egonak zirenak San Frantziskon eta denak loriatuak egon gira gaztetxo horieri beha. Iduri luke gure kulturaren geroak hastapen on bat duela, gaztetxo horiek beren euskaldun izaiteaz hain ohoretan ikustean. Arratsaldeko bestaren bururatzeko han ginduen Urko Menaia donostiarra bere gitarrarekin etorria. Harek ere abesti zonbait ederki kantatu dauzkigu.
Denen artean, biziki besta goxoa izan da, arras etxekoki iragan zaukun eguna. Arratsean dantzaldia bi talderekin, Jean Pierre eta Manuela Etxexuri, eta “Amuma says no” Boiseko musikari taldea. Bazter guziak harrotu dituzte ! Eskermila eta ikus arte, Gardnerville !
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus