euskal diaspora eta kultura
2012/06/12
PUBLIZITATEA
Ainara Puerta Larrañaga/Oleta, Bizkaia. Amoroto herri bizkaitarreko Ugaran auzoan dagoen Oleta oso paraje ezaguna da inguruan, batzen dituen jatetxe eta enpresengatik eta, gure arloari dagokionez, urtero da, 1988tik hona, hutsik egin gabe ekain hasieran, euskal-australiar bilkura eta bazkari baten testuinguru eta egoitza, joan den larunbatean egindakoarekin dagoeneko 24 edizio bete dituen hitzordua delarik bertan antolatzen dena, XX. mendean zehar Euskal Herritik Australiara gertatu zen emigrazioaren lekuko.
Historian jauzi txiki bat eman beharra daukagu eta 1988an kokatu, elkarretaratze honen hasiera ezagutzeko. Urte hartako apirilean, John Mikel Goitia, Mila Aboitiz eta Koldo Goitia senar-emazteen seme zaharrena zena, Jasone Azpirirekin ezkondu zen, eta kari horretara Home Hill herrian (Queensland, Australia) batera ibilitako zenbait euskal lagun emigrante gonbidatu zituzten. Ezteietan bizi izandako giro onaz ohartuta, zenbait pertsonek, tartean geroago hainbat urtez antolatzaile eta alma mater izango zen Juan Plaza --maleruski duela bi bat urte zendua--, erabaki zuten batzeak merezi zuela eta udan berriro ere antzeko bilkura bat behar zela antolatu.
Hitzordua urte hartako ekaineko lehenengo larunbaterako finkatu zen, ezkontzaren Oletako Epermendi jatetxean bertan, geroago data bigarren larunbatera pasatu bazen ere. Partaideetako batzuk --tartean Mila Aboitiz aktiboak-- azaltzen zutenez, hasierako urteeran berrehun bat pertsona ere biltzen ziren, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorriak, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroarik gehienbat, arabarrak gutxi. Euskal-australiar bilera honetan Australiara emigratutako euskaldunek eta euren senar edo emazteek hartzen zuten parte eta baita euren seme-alabek ere.
Joan den larunbatean, ekainaren 9an, berrogei bat izan ziren Oletara batutako lagunak. Gehienak bizkaitarrak, Gernika, Lekeitio, Ispazter, Markina eta Ondarroatik inguratuak, nagusiki euren senar edo emazteekin batera 1950 eta 1960ean Australiara emigratutakoak. Urteak joan ahala, gazte gutxi agertzeak eta Nafarroa eta Gipuzkoatik zetozenek etortzeari utzi izanak ekarri zuen hein handi batean partaidetza jaitsiera. Bada, hala ere, hastapenetik hitzorduari tinko eutsi dionik, hala nola Mario Satika eta Begoña Barrutia senar-emazteen kasua, beste zenbaiten artean.
Epermendi jatetxea izan zen 1988ko hasierakotik elkarretaratzea antolatzeko hautatutako lekua, eta badira urte batzuk menua ere bertakoek hautatzen dutena. Aurtengoa, sarrera bariatua (bakailaoz betetako piperrak, frijitu bariatuak, zainzuriak...), abiatzeko, ondoren arraina eta okela, eta bukatzeko hostopila tarta banila izozkiduna. Okelaren jatorriari buruzko eztabaida animatua ere gertatu zen eta ez zen falta izan Australiakoa zela esan zuenik, azkenean erabateko adostasunik lortu gabe bukatzeko. Ez zen inor goseak gelditu eta gehienak Good luck bota zuten topa egiteko unea helduta.
Bapo egindako bazkalostean segitu zuen giro atseginak eta mota ugariko musika izan zuten dantza egitera animatu zirenek; beste batzuk nahiago izan zuten jatetxeko tabernan bertan, telebistan ematen ari ziren pilota partida segitzea eta beste batzuk solasari ekin zioten.
Koldo Goitiak eta bere semeetako batek Australiara 2008an egin zuten bidaia bateko bideo batek, ordenagailu eramangarri batean erakutsia, beste zenbaiten interesa piztu zuen egunaren hondarraldian. Agur Jaunak zutik eta ozen kantatuta amaitu zen bazkari atsegina, begiak datorren urtean hitzordu honek beteko dituen 25. urteurrenari begira ipinita, honakoa mantendu beharreko eta datozen belaunaldiek hartu beharrako ekimena baita.
[Honako artikulua Ainara Puerta Larrañaga historialaria Bizkaiko emigrazioa eta itzulerari buruz (e-Etorkinak) egiten ari den zelai-lana testuinguru egindakoa da, Pedro J. Oiarzabal eta Nerea Mujika zuzendari)
Artikuluarekin batera dagoen argazkiko azalpen xehetua. Hona Amorotoko Epermendi jatetxera batutako pertsonetako batzuk, jatetxearen sarreran. Ezker-eskuin, goiko iladan: Mario Satika (Ispaster), Begoña Barrutia (Ea), Koldo Goitia (Lekeitio), Maribi San Antonio (Ondarroa), Jose Badiola (Ondarroa), Iñaki Etxabe (Home Hill), Anne Etxabe (Home Hill). Beheko iladan: Mila Aboitiz (Lekeitio), Mila Aberasturi (Gautegiz Arteaga), Jose Ignacio Etxabe (Gautegiz Garteaga) eta Angelita Fundazuri (Lekeitio) (argazkia P.J. Oiarzabal).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus