Gooding, Idaho, AEB. Gaur bertan, ostirala, hilabeteroko euskal afaria egingo dute Estatu Batuetan Idahoko Gooding-en, publiko orokorrari zabalik. Gooding Basque Association du izena Boisetik ekialdera 45 minutura dagoen herri honetako euskal etxeak, eta hilean behin aukera hau eskaintzen die bertako biztanleei euskal afari tradizional batean parte hartzeko. Gaurkoan, gainera, zuzeneko euskal kantuak eta akordeoi musika izango dituzte lagungarri.
Bertatik oso gertu, Mountain Home-n, Gooding-etik ordubete mendebaldera autoz, bihar larunbata ospatuko dute euren Urteroko Euskal Jai eta Piknika. Euskal Lagunak du izena Mountain Home-ko euskal etxeak, eta euskal festa herriko Basque Park-en egingo du. Ikusgarria da Basque Park, berdegune ederra, erdian bertako frontoi historikoa daukala, euskal mural bat ondoan, euskaldunei dedikatutako pare bat monumenturekin: lehena, karrokanpo bat, ongi kontserbatu eta zaindua, bertako euskal iraganaren adierazle; eta bigarrena, alde batetik Euskal Herriko mapa, eta bestetik ikurrin handi bat duen monumentua, Euskadi hitzarekin, bertakoen euskal lotura sendoen erakusgarri. Hori guztia, Bengochea euskal hotel historikoaren (1910) eraikin handi eta dotorea altxatzen den lekuaren aldamenean. Hor izango dira bihar euskal dantzak, musika, meza, mus partidak, janari eta edariak, kirolak eta, batez ere, euskal giroa. Ekitaldiak, erromeria edo berbena batekin bukatuko dira gau partean.
Utzidazue aipatzen, Estatu Batuetako hitzorduetan sartu garenez, datorren astean Nevadako Gardnervillen izango den beste hitzordu bat: bertako piknik eta euskal jaia eta NABO Kantari Eguna. AEBetan euskal bertso eta kantua maite dutenen biltoki izango da abuztuaren 11 eta 12an Gardnerville. Mendiko Euskaldun Cluba du izena herriko euskal etxeak, eta urtero batez ere Nevada eta Kaliforniako lagunak biltzen ditu data hauetan asteburu goxo bat pasatzeko. Aurtengoan, gainera, gaztetxoen abesbatza bat dator Kantari Egunaren edergarri, Gipuzkoako Errenteriako Zaria Koru Eskolako abesbatza, Imanol Elizasu zuzendari. Eta esan digutenez, Jean Bordachar kantari xiberotarra ere etortzekoa omen da. Ostiralean JT kantina eta jatetxe euskaldunean, larunbatean Minden-eko aretoan, eta ondoren ere JTn, euskal musika eta giroa erabat bermatuta daude, erromeria ere barne, Jean-Pierre eta Manuela Etchechury eta Jean Flesher-en aire eta erritmo euskal-amerikarrak lagun.
Hauek --eta gehiago-- Estatu Batuetan, baina Diasporako gainerako lekuetan ere hamaika izango dira euskal esparruan abuztuan zehar antolatuko diren ekitaldiak. Ipar Ameriketan, baina Estatu Batuetan baino iparralderago, euskal baleazaleen arrastoetan ibiliko da euskal eskifaia bat, euskal marinel zaharren ibilbidea arraunean eginez. Historikoki bi erreferentzi puntu izan dira Amerika iparekialde horretan: bat San Lorentzo ibaiaren ertzean Trois Pistoles eta Euskaldunen Uhartearen inguruan, Parc de l'Aventure basque en l'Amerique ezarri zuten eskualdean; eta St Pierre eta Miquelon irletan. Azken honetara iritsiko dira abuztuaren 15ean euskal arraunlariak, eta 15ean, Andre Dena Mariz, Euskal Herriko hainbat herritan euren jaien erdian dauden egunean, Euskal Etxearen lehenengo harria ezarriko dute, izan ere Eusko Jaurlaritzak bertako euskal elkarteari izaera ofiziala aitortu dion urte berean. Hegoalderako, Venezuelan esaterako, herrialdeko egoera politikoak uzten badie, Caraboboko Eusko Etxeak, egoitza duen Naguanagua herriko zaindaria den Begoñako Amaren jaia ospatuko du, euskal etxean zein Naguanaguak.
Hilabete osoan segituko dira ospatzen San Inazioren ohorezko festak hainbat euskal etxetan, eta euskal etxe batzuk oporretan diren bitartean beste batzuk iraileko ekitaldietarako lanean arituko dira, prestatzen, esaterako, abuztu amaieran eta irail hasieran Kalifornian egingo den Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketa, munduko hamar bat nazio lehian; edo, Euskal Herrian bertan, Legazpin, Artzai Eguna eta aurten irailaren 3an Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari eskainiko zaion omenaldia, Ameriketan artzain izandako ehundaka euskaldun partaide...
Guk, buletinaren eguneroko emisioa eten eta iraileko lehenengo astelehenean berreskuratuko dugu. EuskalKultura.com-eko zenbait atal berritzen segituko dugu, sarrera berriez hornituta, baina buletina plazaratu gabe. Irailean ere aipatuko dizugu EuskalKutura.com proiektuari eusteko egingo dugun urtea amaitu arteko azkeneko saioaldiaz, urte hastapenetik hona gure egoera ekonomikoak ez baitu batere hobera egin, iazko zuloa ez baitugu batere estali ahal izan. Abuztuan, ohi bezala, gure email eta kontaktubideetan segituko dugu, irakurleen zerbitzuan. Irailera arte, beraz, agiantza onenak, eta pasa uda/negu on, irakurle!