euskal diaspora eta kultura
2012/07/12
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Iruña bertakoa ez bezala, Argentinako Sanferminak ez dira astebete luzatzen; laburragoak dira, baina hala ere, jende askoren ilusioa, alaitasuna eta atxekimendu izpiritua biltzen dituzte. Argazkiotan soma daitekeen bezala, mota askotako ekintzak egiten dira Argentinako euskal eta nafar etxeetan hain oihartzun handiko festa hau ospatzeko, tartean bazkariak, afariak, dantza emanaldiak eta txupinazoa bera. Egunotan Iruñean bizitzen ari den giroa Argentinara heldua da eta argazki selekzio hauxe horren erakusgarri.
[Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko lagunek "ondo baino hobeto" ospatu dute jaia. San Fermin jaia ez ezik, ikurrinaren eguna ere ekitaldi berean ospatu dute arrecifestarrek lagun arteko afari batekin. Dilistak, euskal dantzak, karaokea eta nola ez, ardo zahatoa (argazkiakEE)]
[Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea euskal etxean Mus Txapelketa burutu zen joan den larunbat arratsaldean. Hogeita hamar bat muslarik hartu zuten parte lehiaketan, 12 eta 93 urte artekoek. Irabazleei dagokienez, horrela geratu dira posizioak: I. postuan, Maria Elena Millet eta Martin Duhau; II. postuan, Alvarez anaiak; III. postuan, Carlos Leonardi eta Mauro Bielsa; IV. postuan, Francisco eta Cesar Ponce. Aipatzekoa da Elvira Kortajarena Euskadiko ordezkaria bertaratu zela Gral. Rodriguezeko euskal etxera bertoko euskaldunekin ospatzera (argazkiaEE)]
[Hiru Erreka euskal etxeko kide eta lagun, herritar eta udaleko agintariak bildu ziren uztailaren 7an Tres Arroyoseko plaza nagusian txupinazoa botatzeko. Jaia hasita, dantza egin zuten etxeko neskek eta ardotxo batekin gonbidatu zitzaion bildutako jendeari. Gauean berriz, afari bat eskaini zen erakundearen egoitzan (argazkiaEE)]
[‘Hator Hona’ programaren parte-hartzaileei itxaroten bitartean, Sanferminak ospatu zituzten Necocheako euskaldunek uztailaren 7aren bezperan. Afarian zehar eta kantu tradizionalek lagunduta, kopa altxatu zuten Euzko Etxeako kideek (argazkiaEE)]
[Normala denez, mugimendu handia dago egun hauetan Rosarioko Nafar Etxean. San Ferminetako programa ostiral gauean hasi zen lagunarteen afariarekin. Larunbatean, ordea, meza, mus txapelketa, prozesioa eta dantza emanaldia burutu zituzten Rosarioko Nafar Etxean bilduta dauden nafarrek eta nafarren ondorengoek (argazkiakNE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus