euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtemugaren egitaraua hasi da prestatzen aurten hamar urte beteko dituen 'Camerata de la Luna' korala

2013/02/26

'Camerata de la Luna' koralaren kideak, Rosarioko Banderaren Monumentuaren aurrean, 2012ko Euskal Astean baitan (argazkia Camerata)
'Camerata de la Luna' koralaren kideak, Rosarioko Banderaren Monumentuaren aurrean, 2012ko Euskal Astean baitan (argazkia Camerata)

PUBLIZITATEA

Apirilaren 13 eta 14an emango dio hasiera Villa Mercedeseko 'Camerata de la Luna' koralak 2013ko kontzertu zikloari. Villa Mercedes eta San Luis hirietan burutuko diren lehenengo errezital hauetan Johann Sebastian Bach-en ‘Actus Tragicus- BWV 106’ kantata eskainiko du abesbatzak, Francisco Mensa eta Pablo Eggartee zuzendari. Eskaintza oparoa luzatuko dute Camerataren lagunek urte osoan eta horretarako gogor ari dira jadanik entseatzen. Hala ere, hori ez da taldekideen eginkizun bakarra. Urtarrilean teknika tailer bat burutu dute Villa Mercedesko Euskal Etxearen egoitzan.

Villa Mercedes, Argentina. 2003an sortu zen 'Camerata de la Luna' korala San Luis probintziako Villa Mercedesen.  “Munduko musika polifonikoa egiteko asmoarekin hasi ginen, garai eta estilo askotakoa”, adierazi digute. Helburu hori betetzeaz gain eta errepertorioan euskal konpositore eta euskarazko kantak sartze aldera, 2007an Villa Mercedesko Euskal Etxera hurbildu zen korala eta hortik aurrera bide berri bat ireki zitzaion.

Euskal etxearen eskutik eta Ordiziako alkateak gonbidaturik, Argentinatik kanpoko bere lehenengo bira egin zuen 2009an, Euskal Herrira. Ordizian bertan, Aretxabaletan, Idiazabalen, Zegaman eta Donostian aurkeztu ziren abeslari argentinarrak. Diasporan ere oso partaidetza zabala izan du San Luiseko abesbatzak. Izan ere, 2008tik, urtero Argentinako Euskal Astean parte hartzeaz gain, iaz Eusko-Brasildar Etxeak antolatuta bertako Euskal Astean ere abestu zuten.

X. urtemuga

Aurten hamar urte beteko ditu Villa Mercedesko Cameratak eta --nola, bestela-- abestuz ospatuko du. Hau da Euskal Etxetik adierazi diguten behin-behineko egitaraua, argituz data eta hitzordu berriak ixten joan ahala joango direla emendatzen.

-Apirilaren 13 eta 14an, San Luis hiriburuan eta Villa Mercedesen: Johann Sebastian Bach-en ‘Actus Tragicus- BWV 106’
-Ekainaren 29an, Villa Mercedesko kultur ekitaldietan eta Camerataren jardunbidean lagundu zuten lagunen omenezko errezitala
-Abuztuaren 24an, San Luis probintziaren urtemugaren gau-emanaldia, Guastavino musikariaren errepertorioarekin
-Azaroaren 2 eta 3an, 'Camerata de la Luna'-ren urteurrenaren ospakizuna. Koralak Wolfgang Amadeus Mozart-en ‘Requien K 626’ interpretatuko du;

Programa abenduan bukatuko da ‘Munduko Bilantzikoak’ emanaldiarekin.

Abesbatzaren tailerrak

Kalitateko musika korala egiteko, etengabeko prestakuntza behar da eta horretan ere dabiltza Camerataren lagunak. Hori dela eta Ahots Teknika Tailerrak antolatzen dituzte urtean bitan Villa Mercedeseko Euskal Etxea-ren egoitzan.

  Camerata de la Luna-ren tailerra 2013 01 

[Urtarrilean egindako Tailerraren partaide eta irakasle batzuk (argazkia Camerata)]

“Tailerra bakarlariei dago zuzenduta. Bokalizazioa lantzen da, besteak beste, Barrokoko eta Mozarten ariekin eta Euskal Herriko eta Argentinako abestiekin. Bakarlariei dago zuzenduta gero abeslari bakoitzak ikasitakoa koroari eskain diezaion”, azaldu diote Villa Mercedeseko euskal etxetik EuskalKultura.com-i.

2013ko lehenengo tailerra urtarril osoan zehar burutu da, ikastaro amaierako ekintza otsailaren 9an eginik. Ekitaldi honetan, partaide guztiek klaseetan landutako obrak aurkeztu zituzten.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia