Plottier, Argentina. FEVA Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak 2020ko lehenengo Kultur Tailerra antolatuko du ‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxearen egoitza den Plottier herrian. Hitzordua martxoaren 14an eta 15ean izango da eta helburua, honako puntu hauen inguruan hausnartzea: euskal nortasuna, euskal etxeen ekintzen zabalkundea, elkarteen kudeaketa, eta euskal etxeentzat garrantzia duten beste zenbait gai.
Bestelako eduki kulturalak ere lantzea proposatuko du Federazioak. Euskal Herriko kulturari buruzko atala Buenos Airesko Laurak Bat-eko Pablo Ubiernaren esku egongo da. Euskal Dantzena, berriz, Bahia Blancako Manuel Irastorzak eta Viedma-Patagonesko Josetxu Astolfik koordinatuko dute.
Asteburuko atsedenaldietan, gainera, mus partidak eta danborrada sartuko dituzte. Izena emateko epea otsailaren 28an bukatuko da, Argentinako arratsaldeko 5etan. Parte hartzeko ezinbestekoa da euskal etxe bateko ordezkari joatea. Inskripzioak secretaria@feva.com.ar helbidera.