Chivilcoy, Argentina. Beti Aurrera Euskal Etxeak bere komunitateari eskaintzen dion ekintzen programa gero eta zabalago da: edade guztietarako dantza klaseak antolatzen ditu, euskara eskolak, sukaldaritza tailerra, literatura lehiaketak eta euskal zinea, soilik batzuk aipatzearren.
Jaiak ere egiten dituzte eta oso jendetsuak, gainera; joan den larunbatean 170 bat lagun bildu zituena, esaterako, etxeko berezitasunak dastatu eta Jorge Zuninoren zuzeneko musikarekin dantzatzeko.
Afariaren baitan, ordea, hunkidurazko momentuak ere bizi izan zituzten bertaratutakoek. Izan ere, omenaldi bat egin zioten otsailean zendu zen erakundeko kide oso aktibo izandako Mabel Robianiri. Nelba Calongek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Mabelek urte asko zeramatzan Euskal Etxean". "Berarekin batera sortu genuen etxeko dantza taldea; bera batez ere dantzarien jantziez eta bidaiez arduratzen zen. Baina ez zen hori bere betebehar bakarra. Instituzioko idazkaria izanik, hiriko euskal sustraiko jende askoren historiak bildu zituen eta garai batean ‘Euskaldunen ordua’ irratsaioan ere hartu zuen parte. Galera handia izan da hau guretzat”, onartu du.
Afarian Zuzendaritza Batzordeko kideek zinta beltz bat eraman zuten soinean, doluaren adierazgarri. Isiltasun minutu bat ere egin zuten antolatzaile eta gonbidatuek.
Lehenengo sei hilabeteko egitaraua
Erronka handi bat jarri dio aurten Euskal Etxeak bere buruari: jende kopuru on bat, ahalik eta jende gehien erakartzea, elkarteak garatzen dituen jardueretan parte hartzeko. Ondo asko dakite Beti Aurrerako lagunek ez dela enpresa erraza; baina ez dira kikiltzen eta erronkari aurre egiteko, mota askotako proposamenak eskainiko dituzte aurten ere. Hona uztaila bitartekoak.
Apirilaren 20an, osteguna: Sukaldaritza eta Emakumeen Taldearen topaketa
Apirilaren 22an, larunbata: Dantzari helduen lehenengo entsegua.
Apirilaren 23an, igandea: Euskal Zinea. Arratsaldeko 5:30etan Zerutik sua dator dokumentala proiektatuko du Carlos Gabilondok.
Maiatzaren 1ean, astelehena: San Joseren omenezko meza.
Maiatzaren 19an, ‘Morfi y Mus’ ekitaldian euskal afaria eta mus eskola eskainiko ditu Euskal Etxeak.
Ekainaren 11an, igandea: Euskal Zinea.
Ekainaren 13an, asteartea: Jorge Luis Borges idazle argentinarrari buruzko hitzaldia, Alejandro Vaccaro Chao hizlari.
Ekainaren 25ean, igandea: San Juan sua eta festa. Chivilcoyko Euskal Sukaldaritza lehiaketaren hasiera.
Uztailaren 8an, Euskal Etxearen urteurreneko afaria. ‘Gernikako Arbola’ literatura lehiaketaren hasiera.
Nelba Calongeren aburuz, “aktibitate ugari dira; baina aurten lan taldeak sortzen lortzen ari gara eta arlo bakoitzean jende inplikatu gehiago izatea. Gure lehentasuna taldeak sendotzea da eta helburu horrekin etxez etxe ari gara joaten instituzioko kideei aktibitateen berri emanez. Euskara, dantzak (hiru talde), sukaldaritza, musa, zinea, literatura… denetik daukagu. Orain, gainera, ‘El rincón de la Txapela’ (Txapelaren txokoa’) izeneko atal bat izango dugu herriko La Campaña egunkarian. Bertan euskal kultura eta Chivilcoyko euskal jatorrizko jendeari buruzko artikuluak argitaratuko ditugu. Hori ere izango da gure lana zabaltzeko eta jendea erakartzeko beste era bat. Gaur egun gure lehentasuna da jende berria erakartzea eta belaunaldi aldaketari ekitea; horretarako proposamen erakargarriak izan behar ditugu eta uste dugu badauzkagula”.
Facebook, Chivilcoy Vascos Beti Aurrera