euskal diaspora eta kultura
2012/03/14
PUBLIZITATEA
Pedro Oyanguren/Txileko Santiago. XVI. eta XVII. mendeetan Peru, Mexiko eta Txilen sortu ziren Arantzazuko Kofradiak euskaldunek Ameriketan sortutako lehenengo erakunde bezala har daitezke. Limakoak laurehun urte betetzen ditu aurten. Seguruenik auzolanaren ohitura zaharraren haritik sortu ziren, elkarri laguntzeko erakunde legez.
Soilik XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran hasiko dira agertzen lehenengo euskal etxeak, bat eginez Ameriketarako emigrazio handiekin. Garai hartako argitalpenei erreparatzen bazaie, nabariak dira erakunde hauen sorrera bultzatu zuten eragin abertzaleak. Txileko kasua Uruguai eta Argentinakoen ondotik etorri zen eta mota honetako lehenengo argitalpena 1907. urteari dagokio.
1912ko martxoan agertuko da Txileko Santiagoko lehenengo euskal etxearen sorrera eskritura legala. Geroago hiriko zenbait lekutan ibili zen ez baitzuen lekurik jabegoan.
1931ean euskal etxearen baitan engaiamendu abertzale handiagoa zeukan gazte elkarte bat sortu zen Euzko Gastedija izenpean, garai hartan Euzkadin gertatzen ari zenaren erantzun gisa. 1943an jabego higiezin bat jaso zuten Vicente Arangurenek emana, Santiagoko Echeverria 1002 kalean.
Urtetan bi erakundeak bakoitza bere aldetik ibili ziren, ez ordea elkarrekin ospatzen ziren hiru jai instituzionaletan: Aberri Egunean eta Iñaki Deuna eta Mikel Deuna egunetan.
Guda Zibila bukatuta eta Erbesteko Jaurlaritza egonik, Agirre Lehendakariaren lehenengo bisita jaso zen 1942an. Bera etortzearekin hasi ziren lantzen bi erakundeek bat egiteko lanak eta azkenean Agirrek batasuna lortu zuen.
Euzko Gastedijak bere egoitza saldu eta elkarrekin erosi zuten egungo Vicuña MacKenna kaleko jabegoa. Izena aldatu eta Euzko Etxea deitu zuten, zazpi herrialdeetako euskaldunei harrera eginez. Txile zeharkatu zen laguntzeko moduan zeuden euskaldun guztiei laguntza eskatuz eta 1957an etxea hasi ziren eraiktzen. Eta geroztik ez da gelditu, beti dago zerbait gehiago eraikitzeke edo egiteke. Garrantzitsua da hori, proiektu berri bati ilusioz ekitea berriz jaiotzea bezala baita.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus