euskal diaspora eta kultura
2009/09/09
PUBLIZITATEA
Bilbo, Bizkaia. Kepa Junkera soinujolea bere lan berria prestatzen ari da AEBtan. 'Etxea' diskoan, Espainiako zenbait kantariek abesten dituzte euskal kanta tradizionalak eta orain, Ipar Ameriketako artisten txanda da. Hauen izenak ez dira publikoak egingo lana bukatuta egon arte, EuskalKultura.com-i KAP Produkzioak, diskoa ekoizteaz arduratzen den enpresak, esan dionez.
Bilbotarra abuztuan joan zen Estatu Batuetara eta printzipioz, arazorik egon ezean, 2010ko uztailean itzuliko da Euskal Herrira emaitza berriarekin. Ia urtebete emango du Junkerak Ipar Ameriketako lurretan. Tarte horretan, zenbait kontzertu eskainiko ditu hainbat estatutako hiri eta antzokietan.
Lehenengoa, datorren larunbatean, irailaren 12an, San Frantzisko ondoko Redwood City-n, bertako Courthouse Square antzokian izango da, arratsaldeko seietan. Ondoren, irailaren 17an eta 19an bilbotarrak Madison World Music Festival jaialdian parte hartuko du. Munduko musikak biltzen dituen topaketa honetako emanaldiak eta baita Redwood City-koa ere doakoak izango dira.
Datozen hilabetetan ere, kontzertuak
Egutegia oraindik ixten ari bada ere, kontzertu gehiago emango ditu bilbotarrak. Esaterako, urriaren 8an Las Cruces, New Mexicon izango da, New Mexico Unibertsitatean; eta azaroaren 14ean, Renotik ordubete hegoekialdera dagoen Fallon, Nevadan, hiriko Barkley antzokian, iluntzeko zortzietan hasiko den emanaldian. 2010erako, lotua du dagoeneko maiatzaren 1ean Tempe, Arizonan egingo duen kontzertua. Denborarekin kontzertu berriak emendatuko zaizkio zerrendari. Junkerak AEBtan dituen jarraitzaileak adi egon beharko dira Euskal Herriko soinujolearen doinuak zuzenean entzun nahi badituzte.
Lotura interesgarriak
Kepa Junkeraren webgunea
www.kepajunkera.com
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus