euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtebeteko etenaren ostean, ‘Euskaldun Hitza’ Arrecifesko irratsaioa ekainaren 3an itzuliko da, ordutegi berrian

2015/05/25

Laura Nobile eta Mariana Domine 'Euskaldunaren Hitza' irratsaioaren 2011ko denboraldian
Laura Nobile eta Mariana Domine 'Euskaldunaren Hitza' irratsaioaren 2011ko denboraldian

PUBLIZITATEA

Euskaldunak Denak Bat euskal etxe arrecifestarraren baitan sortutako saioak bere zazpigarren denboraldiari ekingo dio ekainean, asteazkenero, arratsaldeko 5etan, Laura Nobile aurkezle. Ohiko formatuarekin, euskal kulturarekin lotura duten hainbat gai hartuko dira ardatz ordubeteko saioak, aurten gainera, ordutegi berrian. “Ezinbestekoa izan da ordutegia aldatzea, Euskal Herritik jarraitzen diguten lagunengatik” azaldu dio Nobilek EuskalKultura.com-i. 

Arrecifes, Argentina. Irratizale eta euskal kulturaren zale direnentzat oso berri ona datorkigu Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat euskal etxe ingurutik. Atlantikoaren bi ertzetan dauden entzuleak kontuan hartzen dituen ordutegi bat lortu ondoren, ekainaren 3an atzera aireratuko baita ‘Palabra de Vasco (Euskaldun Hitza) irratsaioa. Programa arratsaldeko 5etan hasiko da eta Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko kide den Laura Nobileren esku egongo da ekoizpena eta aurkezpena. Aurreko denboraldietan ez bezala, bakarrik arituko da Nobile lan honetan; hala ere eta bere esanetan, “bisitariak etorriko dira eta elkarrizketak egingo ditugu asteroko gaiak garatzeko”.

“Lehenengo saioan Mariana Domine eta Maria del Carmen Rodriguez etorriko dira bisitari. Haiek izan ziren nire kideak aurreko denboraldietan baina aurten, zoritxarrez, ezin dute parte hartu, ordutegi berrian ezinezkoa egiten baitzaie”, azaldu digu Nobilek.

Gaiei dagokienez, euskal kulturan sakontzeko aukera emango duten hainbat gai jorratuko ditu, tartean euskara, musika, literatura, genealogia, geografia eta historia, soilik batzuk aipatzearren. Euskal Herriko eta bere diasporari buruzko gaur egungo berriak ere jakinaraziko dira eta oso leku garrantzitsua izango du, nola ez, entzuleen parte hartzeak. Hori izan da, hain zuzen, ordutegi aldaketaren arrazoia.  

“Argentina eta Euskal Herriaren artean dagoen ordu aldeagatik --oraintxe bost ordu-- ezinbestekoa izan da programa aurreratzea, Euskal Herrian ere ordutegi egoki batean entzun ahal izateko. Euskal Herriko lagunek Facebook bidez ezagutu gaituzte eta harremana sendotu zen gu 2013an Euskal Herrira joan ginenean eta aurrez aurre elkar ezagutu genuenean. Programa Internetez entzuten dute, mezuak uzten dizkigute gizarte sareetan eta behin baino gehiago telefonoz hitz egin dugu eurekin, zuzenean. Nola ez genuen bada kontuan hartuko ordutegia aukeratzean… Harrigarria iruditzen zaie Argentinan euskal kulturari buruzko programa egotea, eta oso eskertuta daude, gainera”, adierazi digu programaren aurkezle eta arduradunak.

‘Euskaldun Hitza’ ekainaren 3an hasiko da, eta asteazkenero emitituko da, arratsaldeko 5etan Arrecifeseko Latina 98.1 FM irratian eta baita www.fmlatina981.com.ar webgunean. Saioarekin kontaktatzeko, palabradevasco@gmail.com helbide elektronikora edota Palabra de Vasco izenpean dagoen Facebook-eko kontura idatz daiteke.

Zorionak Laura Nobilari eta hau gertagarri egin duten guztiei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia