euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

La Platako Euzko Etxea-ko Itsuen Futbol Taldeak erakustaldia eskaini zuen Gizataldeen Azokan

2012/12/18

La Platako Euzko Etxea-ko Itsuen Futbol Taldea futbol zelaian (argazkiaEE)
La Platako Euzko Etxea-ko Itsuen Futbol Taldea futbol zelaian (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

La Platako Unibertsitateko ikasle talde batek bultzatuta, martxoan proposatu zitzaion euskal etxeari erakundeko Itsuen Futbol Taldea sortzea. Zuzendaritza Batzordeak gustura onetsi zuen proiektua eta tokia emateaz gain beharrezkoak ziren egokitze lanak egin zituen eraikinean jokalariak egoki ibili ahal izateko. Euskal etxearen babesarekin, Argentinako Itsuentzako Kirol Federazioan sartzea lortu zuen taldeak eta hortik aurrera nazio mailako lehian sartzea. Abenduaren 1 eta 2an futbol erakustaldi bat eskaini zuten kirolariek Moreno Plazan, Buenos Aires probintziako hiriburuko Gizataldeen Azokaren baitan.

La Plata, Argentina. Ezaguna da La Platako euskal etxean kirolak daukan lekua. Izan ere, nazioarteko arauak betetzen dituen trinkete bat dago Euzko Etxea-ren egoitzaren baitan eta 'Athletic Club de Bilbao' izeneko umeentzako futbol eskolak eta neskentzako hockey eskolak funtzionatzen dute 14 eta 58 kaleetako izkineko kiroldegian.

Aurrekari hauek guztiak kontuan harturik euskal etxeko Zuzendaritza Batzordeak La Platako Unibertsitateko ikasle talde batek egindako eskaera onartu zuen. Taldeak aldez aurretik praktikatzen zuen Areto Futbola baina erakunde baten babesa behar zuen. Euskal etxeak eskaera onartu zuen eta egoitza egokitu kirolarien beharretara moldatzeko.

La Platako Itsuen Futbol Taldea 2012 01
[Euzko Etxea-ko Itsuen Futbol Taldea Gizataldeen Azokan (argazkiak EE)]
 

Euskal etxearen proiektu berria

“Futbolak, kirol gehienek bezala, funtzio asko betetzen ditu: elkartasuna bultzatzea, laguntasuna sustatzea eta, aldi berean, norberaren buruarekiko konfiantza eta seguritatea indartu egiten ditu. Gure kasuan esan dezakegu kirolariak berehala integratu direla gure erakundera”, adierazi digute euskal etxetik.

Gizataldeen Azokan egindako erakustaldia integrazio horren froga ere bada. Kolektibitateen stand eta dantza ikuskizunen artean, euskal etxeko Itsuen Futbol Taldeak ere izan zuen partaidetza. Niki berde eta gorria jantzita, futbolari hauek ere euskal ordezkari izan ziren.

Azpimarratu behar da euskal etxearen babesari esker, Argentinako Itsuentzako Kirol Federazioan (FADEC) sartu ahal izan zirela taldeko kideak eta horren ondorioz gaur egun Hegoaldeko Eskualdean Nazio Mailako Txapelketan hartzen dutela parte. Eskualde honetan, eta Euzko Etxearekin batera izen handiko honako talde hauek daude River Plate Kluba, Estudiantes de la Plata Kluba-Nano Fundazioa, Pilar-eko Union del Viso, San Isidroko Roman Rosell Institutua, Parque Patriciosko Huracan Kluba eta Uruguaiko Selekzioa.

La Platako Itsuen Futbol Taldea 2012 02
[Sergio Mancini, atezaina, (Filosofia eta Letra ikaslea); Pablo Villegas  (Institutuko ikaslea); Gastón Cabiedies (Institutuko ikaslea); Carlos Juarez (Institutuko ikaslea); Lelio Sánchez, proiektuaren arduradun, (Kazetaritza ikaslea); Claudio Seguel  proiektuaren arduradun, (Gizarte Lana ikaslea); Gabriel Morán, (enplegatua); Tomás Falco, (Institutuko ikaslea); Diego Etchegaray, entrenatzailea eta proiektuaren arduradun (Heziketa Fisiko irakaslea) (argazkiaEE)]
 

“Txapelketetan neurtzeaz gain, beste helburu batzuk baditu taldeak beti integrazioari begira. Horregatik kirol erakusketak eta ahalmen bereziko jendearen eskubideen aldeko hainbat ekintza egiten ditu. Ekimen hauek La Platako Unibertsitateko 2011-2012ko Borondatezko Proiektuaren baitan egiten dira. Difusioa ere egiten da hedabide askotan –telebistan, irratian, aldizkarietan eta webgunetan- gero eta jende gehiagok gure berri izan dezan”, azaldio diote proiektuko arduradunek EuskalKultura.com-i.

Euzko Etxea-ko Zuzendaritza Batzordeak esker beroak eman nahi dizkie, EuskalKultura.com-ek eskainitako aukera hau medio, taldearen koordinatzaile eta Gizarte Lan karrerako ikasle den Emilio Nahuel Sáenz-i eta berarekin lan egiten duten Paula Danel (proiektuko zuzendaria, gizarte lanean lizentziatua), Pablo Sanhueza (proiektuko arduraduna, gizarte lanean lizentziatua), Diego Fernandez Camillo (kazetaritza ikaslea), Evangelina Bustos (kirol kazetaritza ikaslea), Vanesa Wesner (diseinatzailea) eta Nicolas Barbieri (psikologia lizentziatua) lagunei.

-Gogora dezagun hilean behin biltzen direla euskal etxean taldekoen ahaide eta lagunak proiektuaren inguruko gaiez mintzatzeko. Entrenamenduak, berriz, asteartetan 14etatik 16etara eta larunbatetan 11etatik 13etara egiten dira. Interesatuek jar daitezke kontaktuan futbolparaciegos@cvascolaplata.org.ar helbidera deituz  edo Facebook bidez: Centro Basko – Futbol Ciegos



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia