euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bere kultur eskaintza zabaldu du Cordobako Gerora Elkarteak Urteko bigarren zatiari begira

2011/08/08

Iazko inauteriak eta euskara klaseak Gerora Elkarteko kideen eskutik (argazkiak Gerora)
Iazko inauteriak eta euskara klaseak Gerora Elkarteko kideen eskutik (argazkiak Gerora)

PUBLIZITATEA

Aurrera doaz Cordoba hiriburuan Gerora Elkarteko kideen jardunak. Aurrera baitarrai Euskal Herriko kultura hedatzeko daukaten borondate eta gurariak. Helburu horrekin, euskaldunen herrira hurbiltzeko anitz bide irekitzen ari dira Gerorako gazteak, eta bide horietan barrena "bidaia polit bat egitera gonbidatzen" dituzte "interesa duten lagun guztiak". Argentinan neguko oporrak bukatuta, joan den asteburuan berriro jarri dira martxan elkarteko ikastaro guztiak. Horretaz gain, abuztu eta irailean zehar Euskara eta Euskal Literaturari buruzko mintegi bat emango du Elba Mocoroa irakasleak.

Cordoba, Argentina. Musika, kantuak, literatura, sukaldaritza, zinea, euskara... Hauetan eta beste aktibitate batzuetan aritzeko aukera eskaintzen dio Gerora taldeak Cordobako hiriburuko komunitateari 2011 honetako bigarren seihilekoan. Hona hemen datozen hilabetetarako Gerorak adierazitako proposamena:

-Euskara eta euskal literaturari buruzko mintegia. Abuztu eta iraileko larunbatetan, arratsaldeko 6etan, Uspallata kaleko 115. zenbakian

-'Iratzarri Hitza': Euskara ikasteko oinarrizko kurtsoa. Ostiraletan arratsaldeko 4etan, Uspallata kalean 115. zenbakian

-Euskal zinea: Lau film botako dira abuztuan Euskal Zine zikloan: Ama lur, Kutsidazu Bidea Ixabel, Aupa Etxebeste eta Nomadak Tx. Hitzordua, Gral. Paz etorbidean, 526. zenbakian da, abuztuko ostiraletan, iluntzeko 7etan

-'Txiki eguna': Gerora eta Cordobako 'Txiki taldeak' Txiki eguna ospatuko dute abuztuaren 13an. Hiriko Rivadavia Plazan (Gral. Paz eta Baigorri kaleetan) umeek eta beren familiak musikaz, dantzaz, euskaraz, jolasez eta herri kirolez gozatu ahal izango dira arratsaldeko 4etatik aurrera

-'Euskal Herria Cordoban': Kontzertu zikloarekin jarraitzen du Baietz musika taldeak. Hil honetan, Nafarroa izango da errezitalaren muina, eta aurrekoak bezala, kontzertu didaktikoa izango da hau ere. Baietz-en aurkezpena abuztuaren 17an izango da, iluntzeko 8:30etan La Fabrica Cultural (Caseros 988) kulturgunean.

-Sutondo: Hilero bezala, abuztuan ere bilduko dira Sutondo taldeko kideak Euskal Herriko plater tipiko bat prestatzeko. Abuztuaren 21eko menua 'babarrunak' izango da.

-Euskara klaseak: Oinarrizko maila: larunbatetan arratsaldeko 4etan; ertaina: ostegunetan goizeko 10etan; aurreratua: astelehenetan arratsaldeko 18:30etan

-Txikientzako euskal kultura: Jolasen bidez, txikiek ere ikas ditzakete Euskal Herriko adierazpen kulturalak. Klaseak larunbatetan dira, Uspallata kalean 115. zenbakian

-Euskal dantzak: Astero biltzen dira Txotx dantza taldeko kideak. Euskal Herriko dantzak ikasi nahi dituena hurbil daiteke entseguetara, astearteetan, arratsaldeko 7etan

-Hitza: Abeslariek ere badute leku berezi bat Gerora Elkartearen egitarauan. Hitza abesbatza larunbatero elkartzen da, arratsaldeko 6etan. Euskaraz abestu nahi duenak Uspallata kaleko egoitzara hurbiltzea baino ez du

-Euskal Musika tresnak: Baietz taldeko musikarien eskutik Euskal Herriko musika tresna tipikoak, tartean txirula, alboka, txalaparta eta perkusio tresnak, jotzen ikasten hastea posible da Cordoban. Tailer bakoitzean tresna bakoitzaren ezaugarri guztiak ikasiko dira baita tresna bera egiten ere Lutheria tailerretan.

Elkarteko kideek jakinarazten dute kurtso eta tailerretan parte hartzeko ez dela aldez aurreko ezagutzarik behar eta ekintzak doan direla. Hala ere, eskertuko dute aurretik izena ematea ekitaldiak hobeto antolatu ahal izateko, hona idatziz: 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia