euskal diaspora eta kultura
2013/12/27
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Urte zaharra atzean geratuz doa eta harekin batera momentu onak eta agian hain onak izan ez direnak. Aurretik, esperientzia, proposamen eta aukerak dakartzagun urte berria. Berriro hasteko posibilitate hori ari dira ospatzen Argentinako euskal etxeetako kideak egun hauetan. Ohi bezala, Euskal Herriko eta Argentinako jai giroak nahasten dira festetan, Olentzero eta euskal kantak baina beroari aurre egiteko edari eta janari freskoak.
[Buenos Aires probintziako Toki Eder Euskal Etxean ospatzeko arrazoi ugari dituzte; izan ere, programa oparoa burutu du euskal etxeak urtean zehar, euskara klaseak, hitzaldiak, sukaldaritza eta literatura tailerrak eta bere betiko gizarte lan garrantzitsua barne. Urte amaiera festaren baitan, euskal etxeko areto nagusian bildutako lagunek Olentzero-ren opariak jaso zituzten bazkalostean, baita euskal paisaia tipikoekin egindako egutegiak ere. Azken topa egitean, datorren urtean lan egiten jarraitzeko engaiamendua berretsi zuten Jose C. Paz-eko euskaldunek (argazkiaEE)]
[Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxea-Centro Vasco Frances elkarteko kide eta lagunak instituzioko kintxoan bildu ziren etxeko Kultur Azpibatzordeak deiturik. Jaia abenduaren 14an izan zen eta ospakizunarekin 2013ko ekintzen egitaraua itxi zuen taldeak. Afari arina partekatu ondoren, Emilio de Candidok Olentzero-ren historia kontatu zien gonbidatuei eta ondoren Eguberriko euskal ikazkina – Carlos Martinez-en haragian– agertu zen eta Olentzero enborrari buruz hitz egiteaz gain, goxokiak eta ikatzak banatu zuen. Etxeko tradizioari jarraituz, euskal kantak abestu eta Gabonetako oroigarri batzuk zozketatu ziren afalostean. Gaua oraindik ere magikoagoa izan zedin, urte berriari begirako desioak idatzi zituzten Moreno kaleko egoitzan bildutakoek eta ondoren paper guztiak sutan erre, laster errealitate bihurtuko direlakoan. Nobedade gisa, jaian parte hartu zuten gonbidatuek umeentzako jolas eta jostailuak eraman zituzten festara eta bildutako opari guztiak Pedro de Elizalde Pediatria Ospitalean ingresatuta dauden neska-mutilei emango zaizkie Errege Egunean (argazkiaIEE)]
[Cordobako Gure Txokoa-n ere elkartu ziren kideak 2013ari 'azken agurra’ egiteko. Udaldia hasi aurretik, eta lagun giroan, pintxoak eta oilaskoa ‘euskal erara’ dastatu zituzten gonbidatuek etxeko egoitzan bertan burututako topaketan. Gaua alaitzeko ardura Cordobatarrak taldeko dantzariena izan zen eta ondo baino hobeto bete zuten euren musika eta dantzekin. Kopa altxatzeko garaian, euskal etxeko zuzendaritza batzordeko kideek --tartean elkarteko buru den Alejo Martin-ek-- azpimarratu zuten 2013a oso urte ona izan dela eta aurten bezala 2014an ere jarraitu egingo dutela Cordobako euskal kolektibitateari zuzendutako hainbat proiektu eta proposamenekin (argazkiakEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus