euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtea amaitzeko udalekua, Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxearen Gabonetako oparia bere haur eta gaztetxoei

2024/12/26

Gaueko jolasetako bat. Haurrek ezkutuko hitza bilatu behar izan zuten linternekin: Centro Vascol (Euskal Etxea)
Gaueko jolasetako bat. Haurrek ezkutuko hitza bilatu behar izan zuten linternekin: Centro Vascol (Euskal Etxea)

PUBLIZITATEA

Chacabuco, Argentina. Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxeak ezin hobeki eman zion azken agurra urte zaharrari: etorkizunaren alde apustu eginez eta euskal etxeko gazteenei gogotsu eskainiz urteko azken ahaleginak. Izan ere, udaleku bat antolatu zuten Etxeko txikientzat, eta 5 eta 12 urte bitarteko 30 haur, pilotari gazte eta dantza tailerreko kide bildu zituen partaide joan den asteburuan, 'udaleku' labur baina indartsua bizi zezaten. Larunbat-igandez izan zen, abenduaren 22 eta 23an, Banco Provincia Klubean, arrakasta nabariaz.

Oihal-etxola bat lehen aldiz muntatzea, pintxoak egiten ikastea, sua egiteko egurra bilatzea, izarren azpian abestu eta dantza egitea eta, ordu luzez elkarrekin jolastu ondoren Euskal Etxeko laguntxoekin aire zabalean lo egitea luze iraungo dieten oroitzapen gogoangarriak izango dira pasa den asteburuan udalekua partekatu zuten 13 neskato eta 17 mutikoentzat. Jolas eta jokoez gain, Euskal Etxeak zenbait talde antolatu zituen oinarrizko ezinbesteko zereginak gauzatzearren, esaterako heldu talde bat udalekukideei afaria prestatu eta zerbitzatzera joan zitzaien, beste batek gosariaren ardura hartu zuen, eta beste talde batekoek Partaideentzako souvenirrak egin zituzten Gabonetako mezuekin. Haurrak zein antolatzaileak pozik atera ziren. "Izan ere, espero baino hobeki atera zen", esan digute antolatzaileek..  

 
Urteari agur esateko, Chacabucoko Euskal Etxeak antolatutako haurrentzako udalekuko postalak  

Haur partaideetako bat izan zen Emma-ren ama da Evelyn Gasco. Bere alaba ikasturte erdian hasi zen txikien tailerrean parte hartzen, eta EuskalKultura.eus-ekin partekatu nahi izan du bere poza. "Emmak ez dio inoiz Euskal Etxeko tailerrera joateari utzi, egiten duten guztia gustukoa duelako oso eta nik, ama naizen aldetik, lasai asko uzten dut nire alaba bertan, badakidalako euren senitartekoa balitz bezala zaintzen dutela, eta hori niretzat zoragarria da, lasaitasuna ematen dit. Emma zeharo liluratuta etorri zen udalekutik, guztiarekin, eta ederrena da hasia dela dagoeneko galdetzen datorren urtean etorri ahal izango duen".

Juliana Anchordoqui Euskal Etxeko batzordeko kide eta udalekuko koordinatzailea da. EuskalKultura.eus-i laburbildu dionez,"Ekimenari positiboa iritzi diogu oso. Haur asko ez ziren sekula kanpatu, ez zuten inoiz esperientzia hori izan, eta une magikoa bizi izan zuten, eta uros eta esker oneko etxeratu ziren". Kanpaldia berriz antolatzeko aukerari buruz galdetuta, honako erantzuna: "Berriro egingo genukeela uste dut, haur askok hala eskatu baitzuten, eta lantalde oso bat izan dugulako atzean, plangintzan, erosketetan, janarien prestakuntzan, jardueren antolaketan eta topaketaren garapenean lankide izan duguna. Nire esker biziak baizik ezin dizkiet agertu; baita haurrei eta euren gurasoei ere, eskerrik asko ozen bat", adierazi du.

Zorionak, Chacabuco!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia