euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtea agurtzeko festa jendetsua Necocheako Euzko Etxean, eta gonbitea urtarrilaren 20-21ean Danborradan parte hartzeko

2023/01/03

Kiti Zubillaga (eskuinetik lehena) Euzko Etxeko lehendakaria balkoian, Edgardo "Cacho" Carricart alkate berrautatuarekin 2021eko urtarrilean ospatutako azken San Sebastian Jaiari hasiera emanez, pandemiaren ondorioz murrizketez egina
Kiti Zubillaga (eskuinetik lehena) Euzko Etxeko lehendakaria balkoian, Edgardo "Cacho" Carricart alkate berrautatuarekin 2021eko urtarrilean ospatutako azken San Sebastian Jaiari hasiera emanez, pandemiaren ondorioz murrizketez egina

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Necocheako Euzko Etxeak azken agurra eman zion urteari joan den ostiralean, bere barneko hainbat ataletan diharduten bazkideak 2022ko azken afarian bildurik. Saskibaloi, boleibol eta pilotan aritzen diren kirolariak, dantzariak, euskara ikasleak, danborradako kideak eta gainerako azpibatzordeetako kideak urte amaieragatik topa egitearren elkarretaratu ziren, eta indarrak metatzeko udari aurre egiteko.


Urteari azken agurra emateko afari eta festa joan den ostiralean Necocheako Euzko Etxean

Izan ere, Hego Konoko euskal etxe gehienak udako oporrengatik jardueren erritmoa moteltzen duten bitartean, Necocheako Euzko Etxea bi ekitaldi nagusitarako prestatzen ari da, Gizataldeen Azoka eta San Sebastian Eguna, biak urtarrilean.

Hiru urtez egin gabe pasa ondoren, urtarrilaren 13tik 15era, ostiraletik igandera, 19. Gizataldeen Azoka egingo dute Necochean, Miguel Lillo Parkeko Lorategi Frantsesean. Euzko Etxeak, hamaika erakunderekin batera, kultura, gastronomia eta ikuskizunen azoka historiko honetan hartuko du parte. Ohi denez, janari tipikoak salduko dituzte stand-baserrian, eta dantza taldeak eta Osasuna otxoteak agertokira igoko dira festa animatzeko.

Necocheako danborrada donostiarra

Necochean ospatzen den San Sebastián Jaia da zalantzarik gabe udako ekitaldirik ikonikoena Argentinako diasporako egitarauan. Momentuz, bi eguneko kronograma konfirmatu dute, urtarrilaren 20an ostirala eta 21ean larunbata, ostegunean hiriko kaleetan trikipoteoa egitea batere baztertzen ez duten arren. Festa ostiralean hasiko da Euskal Etxeko alkate hautaketa eta Danborradaren aurkezpenarekin. Ondoren, erromeria izango da egoitzan.

Larunbatean San Sebastian Jai handia egingo da eta gonbitea ere badago tartean. “Hala nahi duten euskal etxeetako danborradetako partaideek euren danborrarekin etorri nahi badute, ongi etorriak izango dira. Badakigu dagoeneko zenbait euskal etxetako lagunek ostatua hartu dutela Necochean egun horietarako, beraz, segur aski, asko izango gara” adierazi dio pozik EuskalKultura.eus-i Kiti Zubillaga Euzko Etxeko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia