euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urte berriari gogotsu ekiteko, San Sebastian eguneko jai handia prestatzen dihardute Diasporan

2011/01/17

Murtziako Euskal Etxearen San Sebastian bezperako afaria (argazkia MurtziaEE)
Murtziako Euskal Etxearen San Sebastian bezperako afaria (argazkia MurtziaEE)

PUBLIZITATEA

Urte Zahar gaueko argiak eta hotsak itzali eta gutxira, San Sebastian eguna ospatzen dugunok zirrara berezia sentitzen hasi gara: danborrari eragin eta Sarriegiren doinuak jotzeko gogoa. Donostian, Azpeitian, Argentinako Necochean, Mexiko Hirian, Madrilen, Parisen, Shanghain (lehen aldiz aterako dute danborrada) eta beste makina bat lekutan bada emozio hori danborrada entseguetan sentitu duenik. Diasporako beste hainbat euskal etxetan, nahiz eta danborradarik atera ez, San Sebastian bezperan afaria egin eta danborra modu inprobisatuan joaz ospatuko dute jaia: Bartzelonan, New Yorken... Gu San Sebastian eguneko biharamunean bueltatuko gara (biharamunik gabe, espero) eta pixkanaka horien guztien berri emango dizuegu.

Donostia-San Sebastián. Urtero legez, danborradaren burrunba Euskal Herrian ez ezik, Diasporan ere entzun ahal izango da, hamaika euskal etxek antolatzen dituzten ekitaldiei esker. Batzuk gainera, Donostia edo Azpeitiako jaietan ere tokia izango luketen danborrada ia profesionalak dira, hala nola Mexikoko Euskal Etxekoa eta Argentinako Necocheako eta, egun diferente batean egiten bada ere, Cañuelaseko euskal etxekoa. Elkarte hauek ez dute San Sebastian eguna besterik gabe ospatzen, aldiz, danborrek eta barrilek osaturiko egiazko danborradak aurkezten dituzte.

Madrilgo Euskal Etxeak txikien danborrada, nagusiena bezain abil eta saiatua, aterako du espainiar hiriburuko kaleetara, urtarrilaren 23an, igandean (umeak elkartu ahal izateko). Nagusiak, kalera atea ordez, elkarteak urtero San Sebastian eguneko bezperan egiten duen afarian jotzen dute. Aurten iaz bezala, afaria Madrilgo Guipuzcoa Jatetxean egingo dute. Eginak dituzte zenbait entsegu eta ilusioz beterik ari dira egun handia prestatzen.

Shanghaien lehendabizikoz

Shanghaiko Euskal Etxeak aurten estrenatuko du bere danborrada. Urtarrilaren 22an, larunbatean, izango da eta 30 bat lagunek osaturiko konpainia hiritzar txinatarraren kaleetan arituko da burrunbaka. Elkarteak gogo biziz ekin dio jaiari, eta konpainia soldadu eta sukaldariz jantzitako danborrariek osatuko dute. Ondoren elkarteko kideek afaria egingo dute Kuluska jatetxean.

Beste euskal etxe askok ere San Sebastian bezperan egiten dute bat jaiarekin, askotan afaria antolatuz eta telebistan Donostia edo Azpeitiko banderaren igoera ikusiz. Afari hauetan klasiko bat da 'San Sebastian kit'-a bezala ezaguna dena: bazkideei sukaldari txanoa eta makilak banatzen zaizkie, eta gaueko une gorenean telebistako doinuei jarraiki bakoitzak ahal duen moduan jotzen du San Sebastian martxa. Esan beharra dago urteen poderioz batek baino gehiagok ikasi dituela jada martxa gehienak.

Urtero legez, San Sebastian eguneko afaria antolatu dute aurten ere Parisen, baina elkarte frantziarra aurreratu egin da eta joan den asteburu honetan, urtarrilaren 15ean egin du elgarretaratzea Pariseko Eskual Etxearen egoitzan. Deitua da baita ere parrandarik Bartzelonan, Valladoliden, Murtzian, New Yorken, Caracasen, Seattle-n... Zerrenda luzeagoa da, zalantzarik gabe, horregatik datozen egunetan zuen laguntzarekin osatu nahi dugu. Non gehiago ospatuko dituzue San Sebastianak? Esaiguzue eta bidali mesedez argazkiak edota bideoak!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia