euskal diaspora eta kultura
2011/12/29
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Urteroko ohiturari jarraituz, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak urte amaierako jaia ospatu zuen egoitzako kintxoan. Erakundeko Kultur Azpibatzordeko kideek antolatutako topaketan, pintxo eta bokatek osatutako menua zerbitzatu zitzaien gonbidatuei. Gabonetako oroigarriak zozketatu ziren eta afalostean, eta Olentzerorekin batera, sagarren erritua gauzatu zuten etxeko neskek. Urte berriari begirako desioak idatzi zituzten eta ondoren, paper guztiak sutan erre, laster errealitate bihurtuko direlakoan. Segidan, Euskal Herriko ikazkin maitagarriak gozokiak banatu zizkien bildutako lagunei. Euskal dantzak eta musika ordu txikiak arte luzatu ziren hiriburuko Moreno kaleko eraikuntzan.
“Ehun Urte Abertzaletasun”
Berezia baino bereziagoa iragartzen da 2012. urtea Rosarioko euskaldunentzat; izan ere erakundearen Mendeurrena ospatuko dute Zazpirak Bat euskal etxeko kideek datorren urtean eta ospakizunekin egoki hasteko nahian itxi zuten 2011 hau joan den abenduaren 18an.
“Euskal etxeko areto nagusia txikia suertatu zen bildutako jende kopuruarentzat. Bereziki aurten, inork ez zuen urtearen azken topaketa galdu nahi izan”, adierazi dute jaiko arduradunek. Eta aparteko errekiaz gozatzeaz gain, etxeko dantzarien emanaldia ere ikusi ahal izan zuten Rosarioko euskal etxera hurbildu zirenek.
[Olentzero Rosarioko Zazpirak Bateko haurrak errezibitu zituen; bere opariekin zeharo harritu ziren etxeko txikiak (argazkia EE)]
Elkarretaratzearekin bukatzeko “helduengandik euskal ohiturak ikasten ari diren etxeko txikiak” zinez harritu ziren Olentzero ikustean. Ikazkinak opariak banatu zizkien aretoko agertokian. “Ehun Urte Abertzaletasun” lelopean, ekintza ugariko urtea hasiko dute rosariotarrek lau egun barru.
Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat
Arrecifeseko euskaldunak ere ari dira urteurren festa berezi bat prestatzen. Buenos Aires probintziako herri honetako euskal etxeak 90 urte bete berri ditu duela hilabete eta 2012an hori ospatzeko antolakuntzan murgilduta dabiltza euskal etxekoak. Bitartean, 2011ri 'agur' esan zioten Euskaldunak Denak Bat-eko kideek lagun arteko topaketa batekin. Jaian zehar, euren koreografiak aurkeztu zituzten etxeko dantzariek: txiki eta ertainek “Kontradantza”, “Fandango” eta “Gorulari”; Ugarritzak taldeko gazteek “Fandango” eta “Arin Arin”; eta Txiki Zaharrek “Fandango” eta “Lantzeko Inauteria”.
[Antzezlanak eta euskal dantzak Euskaldunak Denak Bat-en urte azkeneko jaian (argazkia EE)]
Bere aldetik, 'Berria' izeneko euskara taldeak Argentinaratu ziren euskaldunei buruzko antzezlan bat egin zuten, abestiak eta guzti. Euskal etxeko argiak itzali aurretik, Maria Magdalena Boveda lehendakariak esker beroak eman zizkien guraso, ikasle, batzordekide eta oro har, lagun eta bazkide guztiei, otsaileko 25eko urtemugako jaian parte hartzeko gonbitea luzatuz.
Mar Chiquitako Izatez Harro
Jarduera handiko euskal etxe eskarmentudunek ez ezik, elkarte gazte direnek ere ospatu zuten urtearen bukaera eta berriaren hasiera. Mar Chiquita-ko euskal etxeko kideek, esaterako, arrazoi asko izan dituzte euren kopak altxatzeko. Bi urte baino ez ditu euskal etxeak eta epe honetan lan handia egin du herrialdeko euskaldunekin eta euskaldunentzat. Mutualitatea, hornitegia, komunitateari begirako heziketa-zerbitzua… hauek eta beste hainbat eskaintza heldu dira Mar Chiquitara euskal etxearen bidez. Horretaz gain, 2011an Eusko Jaurlaritzaren ofizialtasuna jaso zuen bere izenari ohore egiten dion Izatez Harro-k.
[Mar Chiquitako euskaldunek urte amaiera eta erakundearen bigarren urtemuga ospatu zituzten (argazkia EE)]
Hori dela eta, abenduaren 10ean eta instituzioaren bigarren urtemugarekin batera, urte bukaera ospatu zuten Mar Chiquitakoek. Jaia “Momentos” izeneko jatetxe eta biltokian egin zen eta afari eta ikuskizun eder batez gozatu ahal izan ziren gonbidatuak.
Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak
Euskal Sustraiak euskal etxean abenduaren 13an elkartu ziren erakundeko kide eta lagunak badoan urteari agur esateko. Afarian, elkarteak aurten bultzatutako ekintzei buruzko bideo bat proiektatu zen, tartean esaterako neguko barnetegia, urdaiazpiko jaia, Marita Echaveren liburuaren aurkezpena eta sanferminak.
[Trenque Lauquengo euskal etxeak lagunak eta ahaideak bildu zituen jaian (argazkia EE)]
Topa egiteko momentuan, Hector Echaide lehendakariak esker beroak eman zizkion bildutako jendeari eta Alejandra Bengochea etxeko idazkariak opari bana eskuratu zien herriko alkatea den Raul Feitori eta Jorge Zubillaga kideari. Herriko abeslari batek emanaldia eskaini zuen segidan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus