Donostia-San Sebastian. 2022ko azken eguna da gaur, eta milioika asko izango dira munduan barrena urte berriaren aitzakiarekin bildu eta ospatuko duten jendeak, kultura, arraza, erlijio eta molde guztietakoak. Euskal diasporaren testuinguruan, Australia izango da urtero bezala euskal komunitateak dauzkaten herrialdeetan Urte Berria lehenengo errezibituko duena. Eta beraz bertako Townsvilleko North Queensland Basque Club eta Sydneyko Gure Txoko Basque Club izango dira urte berriari aurreneko agurra ematen aitzindari.
Gauzak nola diren mundu honetan, Sydneyn baino 19 ordu beranduago, San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko lagunek, Euskal Etxearen egoitzan bertan emango diote harrera, zuzenean, 2023ari, asmo horrekin urtero antolatzen duten Urte Zahar eta Urtats Besta eta ekitaldiaren baitan. Eta, leku batzuetan lehenxeago, beste batzuetan geroxeago, Urtatsen, urte berrian, beste urte batean sartuko gara, eta nahi duenak baliatu ahal izango du gauza zaharrak amaitu eta berriak hasteko, jarrera, jokabide eta plan berriak erditzeko, eta bere buruari aukera berriak emateko, hala nahi edo ahal badu, beti baitaude hobetzeko kontuak.
Australiako eta San Frantziskoko lagunei, eta mundu osoko euskal etxe eta komunitateetako lagunei, eta euskal norbanako eta familiei, nonahi daudela, EuskalKultura.eus-etik, besarkada beroa eta aurrerabideko agiantza zintzoenak. Berez Mundu Batzar urtea daukagu 2023a, eta hobekuntza eta hazkunderako xantza, partaidetza eta gehitze edo emendatzeko eta indarrak batzekoa. Hala balia dezagula, geure lokarriak indartuz eta norbanakoak eta komunitate zoriontsu eta sendoagoa ardietsiz.
Urte Berri On, irakurle!