Atzo goizean hil zen Buenos Airesen Michel Iriart, bere bizitza osoan Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea edo Centro Vasco Frances delakoari lotutako pertsona, etxe horretako lehendakari eta buruzagi izana, 2009etik aurrera baita ohorezko bazkide ere, CVFko 'goardia zahar'eko kidea. Hiriburu argentinarrean sortua, bere izen bereko kazetari baxenabartarraren seme zen. 94 urte zeuzkan.
Buenos Aires, Argentina. Heriotza atzo astelehena, abenduaren 8an gertatu zen eta beilatokia Casa Velatoria Lazaro Costan ezarri zen, O'Higgings kaleko 2848an. Michel Iriarten gorpuaren ilerriratzea gaur asteartea goizeko 9etan egingo da, Memorial del Pilar-era.
Michel Iriart-en berri gogoratzeko, Iparraldeko Euskal Etxeko idazkari den Norma Rios-ek haren 90. urtebetetzea kari idatzitako lerro batzuk ekarri ditugu hona. Esan bezala, Norma Rios da soslaia honen egilea:
Donibane Garazitik gazterik etorri zen Michel Iriart kazetariaren seme, aita (semea bezala Michel Iriart) France Press-eko kazetari aritu zen eta oraindik denbora geratu zitzaion San Lorenzo de Almagroko lehenengo back izateko futbol amateurraren urte gailurretan. Euskal kultura landu zuen eta horri eskaini zion bere denbora Iparraldeko Euskal Etxeko idazkari gisa, Jean Pierre Passicot Etxeko lehendakari legendatsuaren egiazko esku eskuin bezala. Ezaguna da oso euskal gauza guztiei zien amodioa, Europa urrunetik Buenos Airesko portura immigrantez beteta zetozen untzietaraino hurbilduz eta kapitanei galdetuz herrikiderik ba al zetorren, eta baiezkoa izatekotan, berehala abegikor hartu eta laguntzen zuen Almagron, bere bazkide eta lagun on Simon Soroet-ek zeukan kantxa eta biltegitik eta bere San Lorenzo maitetik ez urrun, finkatutako donibandar honek.
Haren seme Michel Iriart Almagro auzoan jaio zen, Euskal Echea eta San Jose Ikastetxeetako ikasle izan zen. Oso gazte zelarik, bere menturazaletasunak eta arbasoen lurrarekiko maitasunak faxismoaren kontra burruka egitera bolondres aurkez zedin eragin zuten. Honela Argentina utzi, Saint Cyr-eko Akademia Militar Frantsesean sartu --Ingalaterran hain zuzen-- eta hortik tenienteorde aterako da, Tsad-eko Ganbeluzaleen Erregimentuan sartuz. Inbasiotik oso gutxira Normandian lehorreratu zen. 1944ko abuztuaren 24ean Parisen misio ezkutupean sartu eta askapenaren biharamunean itzuliko zen, tropen zati nagusienarekin.
Leclerc-ko II. Dibisio Blindatuaren IX. Konpainiako 30 gizonen buru, 1945eko maiatzaren 5ean eta dagoeneko teniente izanik Bertchlesgarden-era iritsi zen, Bavariako Alpeetan, frantses bandera 'Arranoaren Habian', Adolph Hitlerren udako egoitzan, haizearen menpean ipintzeko. Espedizio-indar frantsesekin Indotxinan ere ibili zen, kapitain gradua lortuz. Frantses Gobernuak Ohorezko Legioa eman dio. Itzuli zenean, kazetari izan zen, France Press agentziako zuzendariorde Buenos Airesen, agentziako buru Txilen eta Latinoamerikako eremu-arduradun.
Lehen aipatu dudan bezala, Iparraldeko Euskal Etxea (CVF), hiru urte zituela bertara ardura joaten hasi zen euskal etxea, bigarren etxe izan zuen, gaurdaino, egun ere Zuzendaritza Batzordeko kide baita. Gure elkarteko idazkari izan da eta baita lehendakari ere zenbait epealditan, bere emeia baliatuz Euskal Etxeari ekimena ematearren. Frantziako gerlari ohien elkarteko presidente ere izan da.
Ezagutzen dugun guztiok asko maite dugun gizona da Michel Iriart, Iparraldeko euskal komunitatearen barnean oso ezagutua eta maitatua. Gure euskal etxearen alma mater-a da eta beti, gure festa guztiak edertu egiten ditu hain hunkiturik kantatzen duen Boga boga kantatuz.
GB