euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urte amaiera festa handia Chivilcoyko Beti Aurreran eta 2023ko 'Gernikako Arbola' lehiaketako sarien banaketa

2023/12/12

Ezkerrean, SADEko Martha Cleci eta Beti Aurrera-ko Luis Goicoechea, Silvana Barroso & Adriana Irrazabal, María Rosa Rzepka sarituarekin sari-ematean. Eskuinean, urte amaiera festa Euskal Etxea jendez betea
Ezkerrean, SADEko Martha Cleci eta Beti Aurrera-ko Luis Goicoechea, Silvana Barroso & Adriana Irrazabal, María Rosa Rzepka sarituarekin sari-ematean. Eskuinean, urte amaiera festa Euskal Etxea jendez betea

PUBLIZITATEA

Chivilcoy, Argentina. Azkenekotik hasita, 12 dira dagoeneko "Gernikako Arbola" literatur lehiaketak Chivilcoyn bete dituen deialdiak, hiriko "Beti Aurrera" Euskal Etxea eta Argentinako Idazleen Elkartearen (SADE) Chivilcoyko adarra antolatzaile. Aurtengo sari banaketa joan den ostegunean, abenduaren 7an, gauzatu zen bertako "Pompeo Boggio" Arte Plastikoen Museoan. Lehenengo saria Resistenciako (Chaco) Leonilda Lilian Gómezek eraman zuen, "Símbolo Vasco" izeneko lanagatik. Bigarrena, María Rosa Rzepkari (Florencio Varela, Buenos Aires) "Perseverancia" testuagatik. Eta hirugarrena, Villa Mercedeseko (San Luis) Dario Olivari egokitu zitzaion, "Guernica" lanagatik.

Urte amaiera eta Euskararen Eguna

Egun batzuk lehenago, abenduaren 2an, larunbata, urteari amaiera emateko eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Beti Aurrerako 150 bat lagunek afari bat partekatu zuten Euskal Etxearen areto nagusian. EEko parte aritzen diren talde guztiek hartu zuten parte, hala nola Euskara, Kultura, Dantza, Sukaldaritza eta Kirola langai daukatenek. Ekitaldian, diruzainorde Jose Maria Letamendik urtean zehar garatutako lan handiaren laburpena irakurri zuen. Beti Aurrerak euskal komunitatearen hainbat ekitalditan parte hartu izana nabarmendu zuen, baita tokiko kultur ekimenekin izandako lankidetza ere, hala nola abesbatzen topaketekin eta bildumagileen bilerekin.

Ospakizunaren hasieran Euskal Etxeko lehendakari Nidia Ibañezek eskerrak eman zizkien bertaratutakoei, "euren parte-hartzearekin festa gogoangarria" egin baitzuten. Aurreskuak, Dianela Rojasek eta Graciela Cofrek dantzatuak, hasiera eman zion jaiari eta, Fandango eta Arin Arinaren unean, Silvana Barroso eta Tiziana Cajales dantzariak batu ziren. Sarrerako pintxoak Amalur sukaldaritza taldeak egin zituen, eta honek ere bere esku izan zuen haragi errea zerbitzatzea. Euskararen erreferente Adriana Irrazabali egokitu zitzaion Euskal Herriko hizkuntzari buruzko hitzak esatea. Tradizioari jarraiki, urte amaierako topa ogi gozoa jan eta sagardoarekin egin ondoren, Juan Embarbe kantari eta animatzailearen eskutik egin zuen aurrera festak, alaitasun handiz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia