euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtarrilaren 4tik 11ra eta Chascomus herrian burutuko da datorren urtean Argentinako lehen euskal Udalekua

2009/10/28

Estatu Batuetan NABOk urtero antolatzen duen Udalekuko partaideak iazko edizioan, Wyomingeko Buffalon (argazkia EuskalKultura.com)
Estatu Batuetan NABOk urtero antolatzen duen Udalekuko partaideak iazko edizioan, Wyomingeko Buffalon (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

2010eko udan (urtarrila hala da Argentinan) egingo da lehenengo aldiz, gisa honetan bederen, Udaleku bat Argentinan. 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak antolaturik hamabi eta hamasei urte arteko berrogeita hamar bat gazte bilduko dira urtarrilaren 4tik 11ra Buenos Aires hiriburutik 120 kilometrotara dagoen Chascomus herrian. Euskal jatorriko partaideei zuzenduta egon arren, aukera honetan ahalmen bereziko haurrek, baita arrisku egoeretan bizi diren umeek ere parte hartu ahal izango dute. Proiektuari aurre egiteko, antolatzaileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko dute eta horrekin batera Euskal Herriko 'Eziko Udalekua' erakundeko bost begirale etorriko dira herriko irakasle eta euskal etxeko dantzariekin batera ekintzak antolatzera.

Chascomús, Argentina. 'Duela hiru urte, Cordobako Euskal Astean, hain zuzen, aurkeztu genion Udalekuari buruzko proiektua Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzari', azaldu diote Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeko kideek EuskalKultura.com-i. 'Baina mementu hartan ez genuen erantzunik jaso. Iaz, ordea, gure euskal etxea bisitatu zuen Iñaki Galdos diputatua oso interesatuta agertu zen proiektuaren berri eman genionean. Geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak babesa ematea onartu du eta diru hori ezin estimatuzkoa izango da ekitaldiaren gastuei aurre egiteko'.

Berrogeita hamar haur inguruk hartuko dute parte Udalekuan. Euren artean, ahalmen bereziko umeak eta arrisku egoeretan bizi diren gazteak integratzea erabaki du Euskal Etxeak. Erakunde laguntzaileen artean, Chascomuseko Pilota Kluba, Club de Regatas elkartea, Bat Zenbakidun Udal Eskola eta Euskal Etxeko bazkide eta lagunen laguntza izango dute antolatzaileek umeak jasotzeko.

Euskal Herriko eta Argentinako begiraleak

Aldi berean, eta astebete iraungo duen egitaraua betetzeko, Euskal Herriko 'Eziko Udalekuak' elkarteko bost begirale etorriko dira Chascomusera. Euren esku egongo dira umeek egingo diren ekintzak, hala nola, jolasak, txangoak, kirolak eta eguneroko lanen antolaketak. Gainera, aipatu elkartearen helburu nagusia euskal kultura aisialdian hedatzea denez, euskal kulturarekin zerikusia dituzten ekimenak ere antolatuko dituzte.

Euskal Etxekoentzat harro egoteko modukoa da ekitaldi hau antolatu ahal izatea, Argentinan egingo den lehenengo Udalekua baita, ezaugarri hauetan bederen. Ekintzak urtarrilaren 4tik 11ra gauzatuko dira, 12 eta 16 urte arteko haurrei zuzendurik. 'Adin horietako umeak aukeratzeko zergatia xinplea da oso', adierazi dute Zingirako Euskaldunak-eko kideek. 'Txikiagoentzako ekintzak badaude, adibidez, Llavallolgo Euskal Echea Institutuak urtero antolatzen duen Txikien Topaketa. Helduagoentzat ere badaude, izan ere, Euskal Astea batez ere helduentzat da. Baina tarte horretako umeentzako ekintzarik ez dagoela ohartu gara. Eurak izango dira gure Udalekuko protagonista'.

Lotura interesgarriak

Eziko Udalekua
www.ezikoudalekua.net

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia