Donostia-San Sebastian. 2020. urtean sartu berriak gaudela, pozik esan dezakegu berriz ere ailegatu dela gure buletina urte amaiera eta hasiera batera. "Kaskagorrak zarete gero!", esaten zigun joan den 24an EuskalKultura.eus-en adiskide batek, ikusiz urteek aurrera egiten dutela eta hemen segitzen dugula kosta ala kosta irakurleekin daukagun hitzorduari eutsiz. Izan ere tematiak izatea --eta kaskagortasuna/keria-- izan daiteke gure "birtuterik" handiena, edo bestela esanda gu honaino ekartzeko funtsezkoa izan den gure ezaugarri bat.
Batere luzatu nahi izan gabe, Urte Berri On, irakurle, adiskide!
Urtero bezala sasoi honetan, urtarrilean ez dugu buletina emitituko eta orrialdeari gaurkoratze apala egingo diogu datozen asteetan, egun hauek probestuz barne lanei eta lan administratiboei ekiteko eta urte osoan zehar denbora faltagatik egin ahal izan ez ditugun bestelako zereginak bururatzeko.
Agiantzarik onenak, eta berehala arte!