euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urtarrilaren 30a bitartean irekia dago "Goazen Txinara!" arte sorkuntza beka eskatzeko epea

2013/01/15

Judas Arrieta eta Koldo Almandoz artistak "Goazen Txinara!" beka aurkezten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zuten prentsaurrekoan (argazkia Etxepare)
Judas Arrieta eta Koldo Almandoz artistak "Goazen Txinara!" beka aurkezten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egin zuten prentsaurrekoan (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Pekinen bi hilabeteko arte erresidentzia egin nahi duten euskal artistek "Goazen Txinara!" 2013 beka eskatzeko aukera dute, urtarrilaren 30a bitartean. Hiriburu txinatarrean bizi den Judas Arrieta artista hondarribiarrak sustatuta, programa honek bosgarren edizioa du aurten eta Etxepare Euskal Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.

Donostia-San Sebastián. Pekingo MA Studioak, Etxepare Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, "Goazen Txinara!" programaren bosgarren edizioa deitu du. Beka honen helburua da euskal artea Txinan sustatzea; horretarako, laguntza hau jasotzen duten bi artistek bi hilabeteko egonaldia egingo dute Pekinen. 

Parte hartzaileek arte garaikidearen edozein arlorekin edo diziplinarekin lotura duen proiektua proposa dezakete, baina beti ere bi hilabetetan burutu ahal den proiektua izan beharko da. Hautagaitzak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean amaituko da.

Bi hilabete

Hautatutako bi artistek bi hilabeteko egonaldia —abuztuaren 1etik irailaren 30era— egingo dute Pekingo Ma Studioan, eta egonaldi horren azken egunetan erakusketa bat gauzatuko dute  euren lanekin. "Goazen Txinara!" programa 2009an eratu zen, Pekinen finkatuta dagoen Judas Arrieta sortzaileak sustatuta.

Harrezkero, hamabi euskal artistek jaso dute beka, horien artean Isabel Herguera, Juan Aizpitarte, Iñigo Salaberria eta Koldo Almandoz. Hain zuzen, Almandoz zinegile donostiarra izan zen iazko beka jaso zuenetako bat, Ismael Iglesias artista durangarrarekin batera.

Almandozen sorkuntza zine eta laburmetraien arloan gauzatu da; aldiz, Ismael Iglesias margolariak geometria eta arte abstraktua izan ditu ardatz bere lanetan. Bi artistek erakusketa osatu zuten 2012ko edizioaren baitan eginiko artelanekin Pekingo Cervantes Institutuaren egoitzan eta EGC Gallery aretoan.

Txinatar artistak Euskal Herrira

Judas Arrieta artista hondarribiarra Pekinen bizi da 200etik hona eta berak sustatuta sortu zen 2009an "Goazen Txinara!" egitasmoa. Bost edizioetan hamabi euskal sortzaile Txinara eramatea lortu ondoren, orain Txinako artistak Euskal Herrira ekartzea amesten duela adierazi zuen Donostian, aurtengo edizioaren aurkezpenean, horrela bi herrialdeen arteko zubi eraikitzen jarraitu asmoz.

-Bekari buruzko informazio gehiago, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia