euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Arrakastaz egin da urtarrilaren 21etik 28ra Tandilen 'Euskara Munduan'en 2008-2011ko azken barnetegia

2012/02/03

Tandilgo Udako Barnetegiko partaideak, joan den astean: 'Euskara Munduan' programako ikasle/irakasleak FEVA eta Gure Etxea-ko agintariekin (argazkia EuskalKultura.com)
Tandilgo Udako Barnetegiko partaideak, joan den astean: 'Euskara Munduan' programako ikasle/irakasleak FEVA eta Gure Etxea-ko agintariekin (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aste bizia izan da oso urtarrileko azkena 'Euskara Munduan' programako ikasle, irakasle eta arduradunentzat. Izan ere, Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxean gauzatu den udako barnetegi hau 2008-2011 lau urteko planaren azkena izan da, eta erabat probetxugarria gertatzeaz gain, despedida modukoa ere izan da partaideetako askorentzat. Datozen hilabeteei begira, ikasle aurreratuek HABEko azterketak prestatuko dituzten bitartean, proiektuko arduradunak irakasle berriak trebatzeko lau urteko plan berri bat abiatzeko lanetan ibiliko dira. FEVAko buruzagi behinenak Tandilera agertu nahi izan zuten, erakundearen Zuzendaritza Batzordearen bilera bertan egin eta euskara ikasle/irakasleak agurtu eta sostengatzeko.

Tandil, Argentina. 'Argentinan Euskaraz' eta 'Euskara Munduan' proiektuetako hainbat barnetegiren egoitza izan da Tandil hiria azken 20 urteotan. Joan den astean, beste behin, euskara irakasleak trebatzea helburu duten proiektuotako nazioarteko taldearen 2008-2011 epealdiko azken elkarretaratzearen gertalekua izan da bertoko Gure Etxea euskal etxe tandildarra.

2012ko Udako barnetegia Tandilen 2012 001

[Hiru taldetan banaturik, buru-belarri ibili dira ikasleak Tandilen udako barnetegiko eskoletan. Bertara heldu zirenean, FEVAko Ricardo Basterra lehendakariak eta Marta Abarrategui idazkariak ikasle eta irakasleak agurtu zituzten]

Herri eta euskal etxe askotako 30 bat euskara ikasle/irakaslek izan zuten aste osoan zehar euskaran murgildu eta euskaraz bizitzeko aukera. Horien artean zeuden, Argentinako hainbat lekutatik etorriak, Maria del Carmen Rodriguez (Arrecifes-koa), Elisabet Etchegaray eta Cinthia Uberuaga (Azul-dik), Manuel Irastorza (Bahia Blanca-koa), Maria Amelia Dadet (Bragado-tik), Marcela Inda eta Cecilia Cans (Buenos Aires), Marta Invernoz (Chivilcoy), Juanita Zubizarreta (Cnel. Pringles), Noe Fenandez Brizuela eta Elba Mocoroa (Cordoba), Alicia Itcea (Gral. Rodriguez), Cecilia Belaunzaran eta Alicia Aguirre (Mendoza), Cecilia Irusta eta Gustavo Echandia (Rio Cuarto), Alejo Conti (Rosario), Paulina Lorda (Saladillo), Beatriz Poume eta Valeria Aramburu (Tandil) eta Beatriz Etchegaray (Viedma); Brasildik, berriz, Karol Salazar eta Oscar Goitia (Sao Pablo); Txiletik, Gustavo Ossa eta Rodolfo Reyes (Santiago) eta Ignacio Gandara (Viña del Mar); eta Uruguaitik Andrea Bella, Karina Fernandez eta Martin Zabaltza (Montevideo).

Hiru taldetan banaturik, lan handia egin zuten ikasleek klaseak ahalik eta ondoen aprobetxatzen. Eskoletan gaitasun linguistiko guztiak landu zituzten, baina, barnetegietan ohi bezala, mintza praktika egiteari eman zitzaion lehentasuna. Ikastaroa bukatuta, FEVAko lehendakari Ricardo Basterra, idazkari Marta Abarrategui eta HABEko teknikaria den Kinku Zinkunegi ikasleekin bildu ziren, lau urte hauetako balantzea egin eta taldeen hurrengo urratsak zehatzeko.  

2012ko Udako barnetegia 2012 02

[Klaseak eta otorduak Gure Etxea euskal etxeko egoitzan egin ziren]

Basterra ikasleei zuzendu zitzaien eta esan zien, besteak beste: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu Argentinan euskara bultzatu eta sendotzeko, euskal etxe barruan -ekintzak euskaraz eginez– eta euskal etxetik kanpo –komunitateari irekiz–. Eta argi daukagu zeuek –ikasle/irakasleak– zaretela euskara zabaltzeko prozesuko protagonista nagusiak; hori dela eta eskatzen dizuegu euskara igorle eta biderkatzaileak izan zaitezen”.

Geroari begira, orain arte erremoto (urruneko) izeneko ikastaroan ibilitako ikasle aurreratuek HABEren lehenengo maila egiaztatze arren uztailera arte jarraituko dute beren trebakuntza aldia.

Aktibitate handiko astea amaitu eta gero, Gure Etxea euskal etxe anfitrioiko arduradunek despedida afaria antolatu zuten ikasle eta irakasleen omenez. Afarian, gonbidatueek Euskal Herriko kanta tradizionalak –eta ikasleek berek asmatutako bateonbat ere– abestu zituzten. Ospakizuna euskal etxearen baitangoa den Sukalde jatetxean burutu zen, larunbatean, 28an. Bertan izan ziren, besteak beste,  FEVAko Ricardo Basterra eta Marta Abarrategui, euskal etxe tandildarreko lehendakaria den Esteban Kain, eta Elvira Kortajarena, Eusko Jaurlaritzaren Argentinarako ordezkaria.

2012ko Udako barnetegia 2012 03

[Azken afaria Sukalde jatetxean egin zen. Ikasle eta irakasleek ez ezik, FEVAko Ricardo Basterrak eta Marta Abarrateguik, Gure Etxea-ko Esteban Kainek eta Eusko Jaurlaritzako Elvira Kortajarenak ere hartu zuten parte afarian]

FEVAko Zuzendaritza Batzordearen bilera

FEVAren 2012ko lehenengo bilkuraren egoitza ere izan zen Tandil joan den 28an, barnetegiaren amaierarekin bat eginez. Urte berriari begira, FEVAk bultzatzen dituen proiektu eta diru-laguntzei buruz mintzatu ziren bildutakoak. Bertaratu ziren, besteak beste, Tandilera, bileran parte hartzeko Ricardo Basterra lehendakaria, Juan Jose Olasagastia lehendakariordea, Marta Abarrategui idazkaria, Hugo Andiazabal diruzaina, Monica Azpiazu kontu ikuskatzailea eta Damian Cebey, Esteban Kain, Javier Ederra eta Asier Iriberri Plazaola kideak. Baita Isidro Legarreta eta Jose Maria Etchegoin Tandilgo Gure Etxea-ko kideak ere.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia