euskal diaspora eta kultura
2010/11/09
PUBLIZITATEA
Parana, Argentina. Urriaren 9 eta 10ean egin zen Parana hiriko Kolektibitateen Azokaren aurtengo edizioa. Asteburuan zehar 10.000 lagun igaro ziren Puerto Nuevo gunetik, Parana ibaiaren ibarrean, iaz baino %20 bisitari gehiago, antoilatzaileek adierazi dutenez.
Aurreko urteetan bezala Urrundik elkarteko dantzariek parte hartze azpimarragarria izan zuen, azokako agertoki nagusian dantza erakustaldi bikainak eskainiz. Larunbatean dantzari txikiak eta ertainak aritu ziren, alaitasuna eta naturaltasuna nagusi, eta igandean helduak.
[Urrundikeko dantzari txikiak agertokian jo eta su (argazkia UrrundikEE)]
Gizataldeetako Erreginaren aukeraketan Urrundikeko ordezkari zen Josefina Galvan Darrichonek 'Miss Simpatia' saria eskuratu zuen, bisaian jantzita zeraman irribarre polit eta erakargarriaren karietara seguruenik. Poloniako ordezkaria izan zen erregina, Urrundiketik azaldu dutenez.
[Urrundikeko ordezkariak, Josefina Galvan Darrichonek (ezkerretik bigarrena), 'Miss Simpatia' saria irabazi zuen (argazkia UrrundikEE)]
Elkartearen stand-a
Urrundikek stand bat jarri zuen azokan eta bertan euskal jantzi erakusketa bat, euskal baserri baten erreplika, literatura eta afitxak erakutsi zituen. Asteburuan zehar ETBko 'Euskal Herria lau haizetara' dokumental saileko bideoen emanaldiak egin zituzten standean. "Bisitariek oso gogoko izan zituzten bideo hauek", azaltzen dute Urrundikeko arduradunek.
[Dantzari txikiak euskal elkarte honen standean (argazkia UrrundikEE)]
[Urrundikeko dantzari eta kideen talde argazkia standaren aurrean (argazkia UrrundikEE)]
Azokara bildu zirenek gizatalde desberdinetako janari tipikoak dastatzeko aukera izan zuten eta Centro Estudios Migratorios Latinoamericanos (CEMLA) erakundearen bitartez euren arbasoei buruz kontsulta doan egiteko parada ere izan zuten.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus