Parana, Argentina. ‘Urrundik’ Euskal Etxeak eta Federico Borras aurkezle duen 'Presencia Vasca' irratsaioak urte berezia izango dute aurtengoa. Izan ere urteurren biribilak izango dituzte, 20.a eta 30.a, hurrenez hurren, eta ospatzeko ekitaldi ugariko egitaraua antolatu dute urtean zehar garatzeko. Ekintzetan Euskal Etxeak garatzen dituen aktibitate guztietako protagonistek hartuko dute parte, batzuetan nazioarteko protagonistak ere lagun.
Urteurren Bazkariaren eguna ekainaren 28an egingo da eta paranatarrek luzatu dute dagoeneko gonbitea inor falta ez dadin. Ospakizunaren programa, ordea, datorren igande honetan abiatuko da, Urrundik-eko Antzerki Taldearen emanaldi batekin: Laura Camposen “El camino del Elefante” taularatuko dute Euskal Etxean.
Orain arte iragarri diren aktibitateak honakoak dira:
-Uztailaren 19an, ‘Plaza Euskadi’ren berrinaugurazioa, ‘Bajada de los Vascos’ kalean, hiriko Portu Zaharrean
-Abuztuaren 28an, 29an eta 30ean, ‘Dos orillas’ Nazioarteko Xake Txapelketa, eskualdeko eta nazioarte mailako izen handiko xakelariak partaide
-Irailaren 12an eta 13an, Euskal Dantza Tailerra, FEVA antolatzaile eta Argentina osoko euskal etxeak partaide
-Urriaren 25ean, Musika eta Dantza Emanaldia, 3 de Febrero Antzokian. Urrundik taldeko dantzari txiki, ertain eta helduek hartuko dute parte eta Joseba Gotzon abeslari bizkaitarrak errezitala eskainiko du ‘Urrundik’ izena eman dion 2020ko bere biraren baitan
Ekintza hauez gain, hiriko eta eskualdeko immigranteen jaialdietan dantzatuko du ‘Urrundik’ dantza taldeak eta, urtero bezala, Euskal Aste Nazionalera ere bidaiatuko du, aurten La Pampako Macachinera..
Urteurrenei buruzko informazioa, Facebooken, Asociación Vasca Urrundik-en eguneratuko da.