euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urrundik-eko Magali Gonzalez dantzaria, Paranako Kolektibitateen Azokako I. printzesa hautatua

2012/12/06

Paranako Gizataldeen Azokan euskal etxeko txikiak gailendu ziren tauletan (argazkiaEE)
Paranako Gizataldeen Azokan euskal etxeko txikiak gailendu ziren tauletan (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Partaidetza zabala izan zuen euskal elkarteak Paranako Kolektibitateen Azokaren XXIII. edizioan. Euskal Herriaren kultura zabaltzea du helburu nagusia euskal etxeak, eta helburu hori betetzen jarraitzearren, standa muntatu eta euskal dantza ikuskizuna eskaini zuten erakundeko lagunek probintzia osoko gizataldeak bildu zituen jaian. Une ederrak bizi izan zituzten Urrundik-eko kideek bi egunetan, baina ederrenetako bat, askorentzat, Magali Gonzalez dantzaria lehenengo printzesa hautatu zutenekoa izan zen, zalantzarik gabe. Paranatik heldu zaizkigun bestelakoen artean, euskal etxekoen antzez lanaren arrakasta ere behar da aipatu. Izan ere, bi sari jaso ditu taldeak ‘Martha Stutz’-en euren bertsioagatik 2012ko Entre Rios-eko Antzerki Selekzioan.

Parana, Argentina. Azaroaren 24 eta 25ean gauzatu zen Parana ibaiaren ertzean dagoen izen bereko hirian XXIII. Gizataldeen Azoka. Milaka lagun bertaratu  ziren asteburuan zehar Puerto Nuevo delako eremura jaian parte hartzeko. Kolektibitateetako ordezkariek mota askotako kultur adierazpenak eskaini zizkioten bildutako jendeari, tartean plater eta edari tipikoak, ikuskizunak eta herrialde eta kultura bakoitzeko informazioa eskuratzeko aukera.

Paranako Gizataldeen Azoka 2012 01

[Urrundik Euskal Etxeak Gizataldeen Azokan muntatutako standa (argazkiaEE)] 

Euskal gizataldeari dagokionez, Paranako Urrundik euskal etxeak izan zuen Euskal Herriko soinu, zapore eta koloreak jaira ekartzeko erantzukizuna. Azoka gunean, standa ezarri zuten Urrundik-eko kideek. Bertan euskaldunez, Euskal Herriaz eta euskal etxeari buruzko informazioa --liburuxka, liburu eta bideoetan-- eman zitzaien hurbildu eta hala eskatu zuten guztiei. 

Paranako Gizataldeen Azoka 2012 04 

[Jende ugari hurbildu zen euskal txokora informazioa eskatzera (argazkiaEE)]

“Gauza bitxi bat ere gertatu zitzaigun”, kontatu dio EuskalKultura.com-i euskal etxeko lehendakaria den Juan Carlos Borrasek. “Standean Athletic-en argazki bat jarrita geneukan eta ondoan panpina bat Athletic-en kamiseta jantzita. Jende asko hurbildu zitzaigun futbol taldeaz galdezka, argazkiak egiteko. Dudarik gabe, Marcelo Bielsak sortzen duen mirespenagatik izan zen”.

Paranako Gizataldeen Azoka 2012 02

[Dantza emanaldian, txikiek ere islatu zuten Euskal Herriko kultura (argazkiaEE)] 

Oholtzan ere izan zuten euskaldunek momentu berezirik. Larunbatean eta txikien eskutik iritsi ziren euskal dantzak Paranako Gizataldeen Azokara. Josefina Galvan Darrichon, Estefania Graso eta Ignacio Borras zuzendari, txalo bero-beroak bereganatu zituzten euskal etxeko gazteenek euren koreografiekin. Ondoren, Ignacio Borrasek zuzentzen duen helduen taldeak ‘Fandango’, ‘Arin Arin’ eta ‘Kalejira’ egin zituen.

Paranako Gizataldeen Azoka 2012 03

[Magali Gonzalez Urrundik-eko dantzaria, Jaiaren I. printzesa (argazkiaEE)] 

Eta bozkarioa handia izan zen Jaiko erregina eta printzesak hautatu zirenean. Izan ere, Festako epaileek lehenengo printzesa hautatu zuten Magali Gonzalez Urrundik-eko dantzaria. Eta dantzariekin jarraitzeko, azpimarragarria da elkarteko beste bi dantzari, Ignacio Borras eta Josefina Galvan Darrichon hain zuzen, Paraguaiko Asuncionera bidaiatu izana bertako euskal etxeak gonbidaturik, erakunde paraguaitarraren urte amaierako jaian parte hartzera.

Urrundik-eko Antzerki Taldea

Antzertiari dagokionez, ibilbide sendoa da Paranako euskal etxeko antzerki taldea egiten ari dena. Komunitatean biltzen duen lekua gero eta garrantzitsuagoa da eta horren ondorioa aise antzeman daiteke, eta ez jasotako sarietan bakarrik --hauek laguntzen badute ere-- publikoaren erantzunean ere baizik. Azaroaren 21ean, eta 2012ko zikloari amaitzeko, ‘Martha Stutz’-en azken emanaldia eskaini zuen taldeak Paranako La Vieja Usina kultur gunean. Publikoak zutituta txalotu zituen, lana bukatzean, Ana Maria Cóceres, Blanca Diaz, Celia Morresi, Delia Peltzer, Elena Ludi, Maria Isabel Garcia, Marta Echagüe, Mireya Alcain, Silvia Barrios, Silvia Ormache eta Susana Schiavoni aktoreak. Augusto Carballal zuzendari, paranatarren ‘Martha Stutz’-ek, gainera, bi sari jaso ditu 2012ko Entre Rios-eko Antzerki Selekzioan: Marta Echagüeren lanagatik eta karakterizazio eta makillajeagatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia