euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urrundik-eko aktoreek euskal immigranteen pasadizoak taularatu dituzte Paranako agertoki batean

2011/07/22

Paranako Urrundik elkarteko Antzerki Taldeko kide eta dantzariak 'Euskal Aztarna - La Huella Vasca' antzezten (argazkia UrrundikEE)
Paranako Urrundik elkarteko Antzerki Taldeko kide eta dantzariak 'Euskal Aztarna - La Huella Vasca' antzezten (argazkia UrrundikEE)

PUBLIZITATEA

Izen bereko liburuan oinarrituta eta Augusto Carballal-en zuzendaritzapean, Paranako Urrundik erakundeko Antzerki Taldeak 'Euskal Aztarna - La Huella Vasca' antzezlana estreinatu zuen iaz. Lanak Euskal Herritik Argentinara etorri ziren hainbat etorkinen gorabeherak islatzen ditu, hala nola jaioterria uzteko momentua, Atlantikoa zeharkatzeko bidaia eta Panpara heltzean hartu behar izan ziren erabakiak. 'Euskal Aztarna' Parana hiriko eta departamenduko eskola anitzetan aurkeztu da 2010ean eta, egitarauari jarraituz, publiko orokorrari zuzendutako lehenengo emanaldia burutu zen joan den uztailaren 1ean, Paranako "Juan L. Ortiz" Kulturgunean. Arrakasta dela eta, beste bi saio burutuko dira abuztuan, Paranan bertan eta Nogoya herrian.

Parana, Argentina.  2005. urtean hasi zuen Argentinako bira 'Euskal Aztarna - La Huella Vasca' erakusketak. Ibilbidean zehar 25 bat herritan egon da ikusgai Eusko Jaurlaritzak eta Argentinako Hezkuntza Ministerioak bultzatutako proposamena. Joan den urtean Urrundik euskal etxeko Antzerki Taldea erakusketa honen testuak miatzen hasi zen erakustaldia antzerki-lan bihurtzeko asmoarekin. Augusto Carballal zuzendariaren esku, proiektua gauzatu zen eta 2010ean 'Euskal Aztarna' Paranako eskualdeko eskola ugaritan antzeztu da.

Argumentuari dagokionez, Mireya Alcain, Silvia Barrios, Augusto Carballal, Marta Echague, Susana Schiavoni eta Horacio Zapata Soñez-ek osatutako antzezle-zerrendak, Argentinara heldu zirenean euskaldunek bizi izan zituzten gorabeherak jokatzen ditu. Urrundik elkarteko dantzariek ere hartzen dute parte ikuskizunean. Haiek dira antzerki lanari musika eta dantzak jartzen dizkiotenak.

Paranako Urrundik elkarteko antzerki taldea 2011 01

['Euskal Aztarna - La Huella Vasca' uztailaren 1ean aurkeztu zen "Juan L. Ortiz" Kulturgunean (argazkia UrrundikEE)]

Sortu zenetik, emanaldi programa oparoa eskaini du Urrundik Antzerki taldeak, eta azken aurkezpena Paranako "Juan L. Ortiz" Kulturgunean izan zen joan den uztailaren 1ean. Arrakasta handia erdietsi zuen euskal immigranteen bizipenak kontatzen dituen lanak eta publikoak gogo biziz txalotu zituen artista guztiak. Herriko hedabideak ere bertaratu ziren antzokira eta egunkari nahiz telebista kateek horren berri eman zuten.

Urrundik euskal etxeko antzerki taldea 2011 02

[Mireya Alcain, Silvia Barrios, Augusto Carballal, Marta Echague, Susana Schiavoni eta Horacio Zapata Soñez-ek osatzen dute antzezle-zerrenda (argazkia UrrundikEE)]

Lortutako arrakastak animaturik eta euskal kultura zabaltzen jarraitzeko asmoarekin, beste aurkezpen batzuk burutuko dituzte laster Urrundik-eko aktoreek . Abuztuan, berriro ere Paranan eta Nogoyan herrian ikusi ahal izango da Augusto Carballal-en 'Euskal Aztarna - La Huella Vasca'-ren bertsioa.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia