euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urriko ekitaldien artean, moda desfilea eta tangoa Argentinako Ayacuchoko Euskal Odola EEan

2012/10/29

Euskal Odola Euskal Etxeak antolatutako azken ekintzen irudiak (argazkiak EE)
Euskal Odola Euskal Etxeak antolatutako azken ekintzen irudiak (argazkiak EE)

PUBLIZITATEA

Lagun talde polita bildu dute Buenos Aires probintziako Ayacucho-ko euskal etxeak antolatutako azken bi ekintzek. Urriaren 8an, ‘Udaberri alaia’ izeneko moda-desfilea antolatu zuten Euskal Odola-ko kideek, herriko gazteei zuzenduta. Hurrengo larunbatean, berriz, eta Argentinako eta Euskal Herriko bi ohitura on batzen, tango ikuskizuna eta euskal afaria ospatu zituzten Sarmiento kaleko egoitzan. Bi proposamenak arrakastatsuak suertatu ziren oso, eta euskal erakundeko kideek esker beroak eman nahi dizkiete euren laguntza eskaini zieten guztiei.

Ayacucho, Argentina. Jendea euskal etxera erakartzea eta momentu onak pasatzea izan zuten helburu nagusi Euskal Odola-k gauzatutako bi elkarretaratze hauek. Eta ondo asko bete ziren biak. Udaberriaren atarian, ‘Udaberri alaia’ delako moda desfilea antolatu zuten Ayacuchoko lagunek, urriaren 8an. Herriko neska ugari pasatu ziren udako arropak erakutsiz moda ibiltoki bihurtutako euskal etxeko egoitzatik.

“Proposamen erabat ezberdina izan zen eta azpimarratu nahi dugu burutu ahal izateko ezinbestekoa izan zela herriko denden laguntza, hala nola hauen izenak aipatuz Ilusiones kirol denda, Puerto de Lilas, Proxima Estación, Monigotes, Marian Jatip, Hermanos Correa, La Tapera eta Susu Urbina”, jakinarazi digute Ayacuchoko euskal etxetik. “Bestetik, eskertu nahi diegu Graciela Lopezde Guazzeli-ri, Nilda Martiren de Lynch-i, Susana Cano-ri eta Jose Cirelli-ri ekimen honen alde egin duten lana. Eta aipatu behar dugu baita ere soinu-sistemaren arduraduna Jose Rios izan zela eta argiena, Federico Garberi; eta ikuskizuna gauzatzeko lankide izan genituela Ciganda, Perez, Derdoy hirukotea eta Romina Aneas Staff Dantza”, azaldu digute Euskal Odolatik.

Tango argentinarra eta euskal zaporeak

Urriaren 13an egindako jaian, berriz, euskal etxearen egoitza dantza-pista bihurtu zen. Izan ere, Ayacucho bertako ‘Tango Cristal’ musika taldeak bere ikuskizuna eskaini zuen Euskal Odolaren egoitzan. Musikaz gozatzeaz gain, gonbidatuek euskal plater tipikoak dastatzeko aukera ere izan zuten.

Euskal dantzak Belen Zabaletak zuzentzen duen euskal etxeko dantza taldearen eskutik iritsi ziren. Eta tango eta ‘milongen’ artean, fandango batzuk ere dantzatu zituzten etxeko gazteek. Tandileko Gure Etxea-ko dantzari batzuek ere hartu zuten parte Ayacuchoko festa honetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia